Eduki babestua

Eraikinak baino gehiago: hezkuntzaren parte diren espazioak

Erredakzioa 2026ko martxoaren 24a

Hezkuntza-sistema eraldatzeko lanean aurrera egitearekin batera, azpiegiturak berritzea ere funtsezkoa da.

Ikastetxeko espazioek asko esaten dute. Nolakoa den jolastokia, nola antolatuta dagoen gela, zer giro dago pasilloetan, non egiten diren taldelanak edo non aurkitzen duten lasaitasuna ikasleek… Xehetasun horiek guztiek eragina dute egunerokoan. Ikasteko moduan, motibazioan eta ongizatean.

Horregatik, hezkuntza sistema eraldatzeko lanean aurrera egitearekin batera, azpiegiturak berritzea ere funtsezkoa da. Eskola espazioek ikaskuntza prozesuaren baldintzak sortzen dituzte, eta gero eta argiago dago ingurune egoki batek kontzentrazioa indartu eta estresa moteltzen laguntzen duela.

Hezkuntza Sailak bultzatutako Hezkuntza Eraiki 2030 planaren bidez, ikastetxeetako espazioak egokitzen eta berritzen ari dira, ikasgelak eta gune komunak hezkuntza-proiektuaren parte izan daitezen. Horrek esan nahi du espazioak ikasketa-prozesuan lagungarri izatea, metodologia berritzaileetara egokitzea eta eguneroko bizitza erosoago eta atseginago egitea. Horren adibide dira Ikaslab moduko guneak, ikasgela interaktiboak edo bestelako ingurune teknologikoak, baina baita komunitate osoaren ongizatea sostengatzen duten espazioak ere: jolastokiak, jantokiak, gimnasioak eta elkarguneak.

Bestalde, irisgarritasuna hasieratik txertatzen da esku-hartzeetan, oztopo arkitektonikoak ezabatzeko eta ikasle guztiek espazioak berdintasunez erabili ahal izateko. Eta jasangarritasunarekin lotuta, energia efizientzia hobetzeko neurriak ere indartzen ari dira, aztarna ekologikoa murriztuz eta kontsumo arduratsua sustatuz: tokian tokiko sukaldeak, eguzki panelak, energia kontsumoaren optimizazioa edo eraikin jasangarriagoak, besteak beste.

Azken batean, azpiegiturez hitz egitea hezkuntzaz hitz egitea da. Espazioek zaindu egiten dute, konektatu egiten dute, eta ikasteko baldintzak hobetu. Eta horrekin batera, Euskadin kalitatezko hezkuntza sistema publikoa sendotzen laguntzen dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide