Ertzaintzak gaur jakitera eman duenez, 23 eta 26 urte bitarteko hiru gizon atxilotu zituzten atzo Orion, Zestoan eta Zumaian. Iazko apirilean jazotako gertakarien harira atxilotu dituzte hiru norbanako horiek, beste gizon bat atxikitzeagatik eta indarrez lapurreta egiteagatik.
Ertzainek azaldu dutenez, atxilotuek pertsona bat atzeman zuten iaz Zestoan, etxetik irtetera zihoan unean, eta, "mataleon" teknika erabiliz, furgoneta batean sartu zuten. Jipoitu ondoren, "abandonatuta eta larri zaurituta" utzi zuten Debako (Gipuzkoa) landa eremuko bide batean. Egindako zauriek eragindako kommoziotik suspertu zenean, bizilagun bati laguntza eskatu zion Zestoako bizilagunak, eta hark Ertzaintzara deitu zuen.
Gertaeraren lekura joandako Ertzaintzaren agenteek egiaztatu zuten biktimak aurpegian eta gorputzean kolpeak zituela, baita eskuak lotuta egon izanaren ageriko zantzuak ere. Anbulantzian eraman zuten gizona ospitalera, eta bi egunera jaso zuen senda agiria. Atxiki zutenean, eskuko telefonoa lapurtzeaz gain, Zestoako etxea "nahastuta" zegoela eta bi erloju eta dirua falta zitzaizkiola jabetu zen.
Biktimak salaketa jarri zuen, eta ondorioz, Ertzaintzak gertatutakoa argitzeko eta egileak identifikatzeko prozedura hasi zuen. Ikerketari esker, 23 eta 26 urte bitarteko hiru gizon gertatutakoan inplikatuta zeudela jakin zuten, eta atzo bertan atxilotu zituzten horiek Orion, Zestoan eta Zumaian. Ertzaintzak azaldu duenez, legearen aurkako atxiloketa egitea, lesioak eragitea eta jendea bizi den etxebizitzan indarrez lapurreta gauzatzea leporatu dizkiete. Gainera, atxilotu guztiek "bortizkeria aurrekariak" dituztela jakinarazi du, eta polizia eginbideak amaitutakoan igaroko direla epailearen aurretik.