Lanaren Zentzua programa abiatu du UKUEk, langileen motibazioa eta errendimendua hobetzen laguntzeko

Intza Trula 2026ko apirilaren 27a

Pertsona bat ordenagailu batean idazten. (Pixabay)

Lanaren Zentzua programak enpresa parte hartzaileen "lan sistema eraldatzea" proposatzen du, "langileen konpromisoa indartzeko, talentu kualifikatua erakartzeko eta berrikuntza sustatzeko". Parte hartu nahi duten enpresek doan izango dute izen ematea.

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE), Gipuzkoako Foru Aldundiaren Eskualdeak 2025 hitzarmenaren barruan, Lanaren Zentzua programa jarri du martxan aurten ere. UKUEren hitzetan, aurreko edizioetan parte hartu zuten enpresek emaitza "oso positiboak" lortu zituzten.

Ekimenaren helburua da langileentzako zentzuzko lan testuinguruak sortzea, beraien motibazioa, produktibitatea eta errendimendua hobetzeko. Horretarako, enpresaren barne-antolamendua eraldatzea proposatzen dute: langileen konpromisoa indartzeko, talentu kualifikatua erakartzeko eta berrikuntza sustatzeko.

Horretarako, enpresek, programa gidatuko duten adituekin batera, diagnostikoa egingo dute lehendabizi, eta ondoren hausnarketa prozesua garatuko dute. Azkenik, ekintza plana osatuko dute. Proiektua moldagarria da, eta diagnostikoa egin ondoren enpresak berak erabakiko du hurrengo faseekin aurrera egin ala ez.

Programan parte hartzea doakoa da Urola Kostako enpresentzat, UKUEren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketari esker.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide