Aurtengo hondartza denboraldia 1,7 milioi euroko dirulaguntzarekin hasiko da

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 8a

Hondartza denboraldia larunbatean hasiko da Getarian eta Zumaian, eta irailaren 13ra arte iraungo du; Orion, berriz, datorren astelehenetik irailaren 15era luzatuko da; eta Zarautzen, denboraldia ekainaren 1ean hasi zen, eta irailaren 15era arte iraungo du. Jasangarritasun Sailak bideratutako 1,7 milioi euroko laguntza jasoko dute Gipuzkoako kostaldeko udalerriek, udan hondartzen kudeaketa integrala egiten laguntzeko. Halaber, garbiketa eta irisgarritasun zerbitzuak, denbora errealeko informazioa eta sentsibilizazio jarduerak izango dira aurtengo denboraldian.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailak aurtengo hondartza denboraldia inauguratu du gaur, Orioko Antilla hondartzan. Aurkezpenean izan dira Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun Saileko diputatua eta Anuska Esnal Orioko alkatea, baita Gipuzkoako kostaldeko udalerrietako alkate eta udal ordezkariak ere. 

Urola Kosta eskualdeko herriei dagokienez, hondartza denboraldia ekainaren 13an, larunbatarekin, hasiko da Getarian eta Zumaian, eta irailaren 13ra arte iraungo du; Orion, berriz, ekainaren 15etik irailaren 15era luzatuko da; eta Zarautzen, denboraldia ekainaren 1ean hasi zen, eta irailaren 15era arte iraungo du. 

Ekitaldian Esnalek nabarmendu duenez, "gero eta gehiago dira itsasoaren bila datozen herritarrak, eta horrek erronka handia suposatzen du, batez ere herri txikiei. Kostaldeko udalek gero eta ahalegin handiagoa egin behar dute bisitariak hartu, espazio naturalak zaindu eta zerbitzuak egoki eskaini, eta aldi berean, gure herritarren bizi kalitatea bermatzeko". Oreka hori lortzea "oso zaila" den arren, udalarentzat "ezinbestekoa" da, eta horregatik, erakundeen arteko lankidetza "beharrezkoa" dela aldarrikatu du Esnalek.

Testuinguru horretan, Orioko alkateak eskerrak eman dizkie gaurko agerraldian Jasangarritasun Sailari, eta bereziki, Asensiori eta bere lantaldeari, "erronka honi elkarrekin aurre egiteko erakutsitako konpromisoagatik". Aldi berean, denboraldi honetan lanean ibiliko diren sorosleei, garbiketa zerbitzuari, udal langileei eta hondartzak egunero "prest eta seguru" egon daitezen, lanean arituko diren profesional guztiei esker ona adierazi die alkateak, baita sorosle lanetan aritzen diren surflariei ere. 

Bestalde, Asensiok azpimarratu duenez, "gure hondartzak lurraldeko espazio natural eta bizikidetza espazio baliotsuenetako bat dira. Espazio seguru, irisgarri eta jasangarriak izaten jarraitzea nahi dugu, pertsonen gozamena ingurunearekiko errespetuaren eskutik joan dadin beti". Era berean, adierazi du "inaugurazio hau Ozeanoen Munduko Egunean ospatzeak gogorarazten digu gure itsasoen babesa gure hondartzetan ere hasten dela, biodibertsitatea kontserbatzen eta itsas inguruneko hondakinen inpaktua murrizten laguntzen duten eguneroko keinu txikien bidez". 

1,7 milioi euroko laguntza udalerrientzat

Aurtengo denboraldian Jasangarritasun Sailak bideratutako 1,7 milioi euroko dirulaguntza jasoko dute Gipuzkoako kostaldeko udalek, uda garaian hondartzen kudeaketa integrala egiten laguntzeko. Zuzkidura horrek aurreko urtean bideratutako baliabideak "bikoiztea baino gehiago" dakar, eta Hondartzen Mahaian lortutako akordioaren esparruan udalerriekin hartutako konpromisoa betetzen du.

"Hondartzak ondare komuna dira, eta horiek kudeatzeko erakundeen erantzunkidetasuna behar da. Ahalegin ekonomiko horrekin, udalerri guztiek kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko eta itsasertzaren segurtasuna, irisgarritasuna eta jasangarritasuna indartzeko behar adina baliabide izatea bermatzen dugu", adierazi du Asensiok.

Denboraldi "seguru eta kalitatezko" baterako zerbitzuak

2026ko denboraldian, Gipuzkoako itsasertza "modu eraginkor eta koordinatuan" kudeatzeko eredua finkatzea ahalbidetu duten zerbitzuak mantenduko dituzte. Hortaz, garbiketa zerbitzuak aurreko denboraldian bezala funtzionatzen jarraituko du, baita erreten ekipo mugikor batekin ere. Egunero lan egingo du, arratsaldez, paperontziak husteko eta gorabeherei erantzuteko. Udalek, gainera, larrialdietarako telefono espezifiko bat izango dutela jakinarazi dute, hareatzen garbiketarekin edo mantentze lanekin lotutako edozein gorabeheraren berri emateko. Era berean, aurreko denboraldian instalatutako kokapenak eta paperontzi kopurua mantenduko dituzte, hondartzetako gaikako bilketa eta hondakinen kudeaketa egokia indartuz. 

Nik Hondartzak aplikazioak, gainera, "funtsezko tresna" izaten jarraituko du lurraldeko hondartzei buruzko denbora errealeko informaziorako. Aurten egindako hobekuntzen artean, banderen egoera sorospen zerbitzuek erabilitako kudeaketa softwarearekin integratu dela azpimarratu dute; horri esker, herritarrentzat eskuragarri dagoen informazioa "azkarrago eta zehatzago" eguneratu ahal izango da. Era berean, bainugela egokituari buruzko datuak ere eguneratuko dituzte, baliabide horretarako sarbidea errazteko. 

Sentsibilizazio kanpainak

Hondartzak Denontzat programak Getariako Malkorbe hondartzan bainu lagundua eskaintzen jarraituko du. Berrikuntza gisa, gainera, Malkorbeko hondartzak plastiko birziklatuz egindako plataforma berri bat izango duela kontatu dute, aurreko egurrezko egituraren ordez. Zerbitzu horretarako aurrekontua 145.260 eurokoa izan da.

Ingurumen sentsibilizazioak ere "leku nagusia" izango du aurten. Horretarako, Udara honetan murgil zaitez olatuen erritmoan lelopean, Jasangarritasun Sailak eta Batuz Gizarte Fundazioak kanpaina ibiltari bat egingo dute kostaldeko zortzi udalerritan, "ohitura arduratsuak eta jasangarriak sustatzeko". Hain zuzen ere, honako ibilbide hau izango du kanpainak: Mutrikun hasiko da hilaren 24an, eta Debatik igaro ostean, Zumaiara iritsiko da uztailaren 8tik 12ra; Getarian, uztailaren 15etik 19ra izango da; Zarautzen, uztailaren 22tik 26ra; eta Orion, uztailaren 29tik abuztuaren 2ra. 

Ekimenak, zehazki, lau jarduera ildo ditu. Lehenengoa Mapa Bizia izango da, ingurumenaren zaintzarekin eta kostaldearen jasangarritasunarekin konprometitua dauden eragileak, saltokiak eta ekimenak identifikatzeko eta ikusarazteko tresna parte hartzailea. Bildutako informazioa mapa ireki batean sartuko dute, hain zuzen.

Bigarren lerroa Gauzaketa izeneko egitasmoa izango da. Hondartzako material berrerabiliak mailegatzeko doako zerbitzua da, eta Donostiako Garbera merkataritza guneak lagatako jolasak, palak edo flotagailuak erabiltzeko aukera emango du. 

Kanpainak, gainera, ingurumen sentsibilizaziorako tailerrak izango ditu, hondakinak murriztu eta behar bezala kudeatzeko edota mikroplastikoek itsas ekosistemetan duten eragina aztertzeko. Berrikuntza gisa, kanpainak Trakamatrakarekin batera garatutako proposamen bat izango du, musika tresna birziklatuak sortzean oinarrituta. Esperientzia "parte hartzaile, sortzaile eta hezigarri" baten bidez, herritarrek gogoeta egin ahal izango dute kostaldeko inguruneetan hondakinak behar bezala kudeatzeari buruz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide