Arroako AP-8ko ordainlekua eraberritzeko obrak esleitu ditu aldundiak

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 11

Arroako AP-8ko ordainlekua.

Zestoa eta Zumaia arteko ordainlekua osorik eraberritzea erabaki du Diputatuen Kontseiluak, eta lanak egiteko 3,5 milioi euroko inbertsioa egingo du. Arroako ordainlekuaren egungo egiturak eraitsi, eta bide berriekin ordezkatzea erabaki dute, besteak beste.

AP-8ko Zestoa eta Zumaia arteko Arroako ordainlekua erabat berritzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta lanak esleitu ditu. Ordainleku hori "erabat eraldatzea" aurreikusi dute, egungo egiturak eraitsita eta bide berriekin ordezkatuta, etorkizunean free-flow sistema ezartzeko prestatutako arkupe bat ere jarrita, eta instalazio elektriko dena berrituta. "Gainera, Arroako ordainlekuko bost bideei iruzurraren aurkako ordainketa sistema automatikoak eta teknologia aurreratuak jarriko zaizkie, hala nola matrikulak irakurtzeko kamerekin eta gorabeherak urrutitik kudeatzeko sistemarekin", azaldu du aldundiak.

Arroako AP-8ko ordainlekua berritzeko lanak egiteko, 3,5 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du aldundiak. Obrak egiteko epeari dagokionez, hemezortzi hilabetetan egiteko asmoa dute. Aldundiak aurreratu du lanak "zerbitzua eten gabe" egingo dituztela, eta lanek "ordainleku modernoagoa, eraginkorragoa eta ordaintzeko modu berrietara egokituagoa" izatea ahalbidetuko dutela.

AP-8ko beste ordainlekuak

Foru Aldundiak azaldu du Bidegik 2019an hasi zuela AP-8ko kobrantza estazioak txandaka modernizatzeko prozesua, eta dagoeneko, Zarauzko eta Irungo ordainleku nagusiak berritu dituztela, baita Irun-Bentakoak eta Irun-Mendebaldekoak ere. "Gaur egun, Oiartzunen eta Zarautz ekialdean jarraitzen dute lanek, eta duela gutxi Elgoibarko geltokiko obrak ere esleitu dira", gaineratu du erakundeak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide