Veronica Garcia izango da Urola Kostako Udal Elkarteko Turismo teknikaria

Enara Ariznabarreta 2026ko ekainaren 15a

Azahara Domínguez diputatua Urola Kostako mankomunitatearekin bilduta. (Gipuzkoa.eus)

UKUEren egiturara Turismo teknikariaren figura berria gehitu da, eta Veronica Garcia zumaiarra izango da arlo horretako arduraduna.

Urola Kostako Udal Elkarteak Turismo teknikariaren figura gehitu du bere egiturara, eta Veronica Garcia zumaiarra izango da lanpostu hori beteko duena. Ion Arozena, Urola Kostako presidenteak nabarmendu du "turismo teknikariaren kontratazioa urrats garrantzitsua dela Urola Kostak azken urteotan turismoaren kudeaketan egindako ibilbidea sendotzeko eta etorkizuneko erronkei erantzuteko". Halaber, Veronica Garciaren kontratazioak "lurralde osoari onurak ekarriko dizkion turismo-eredu baten aldeko gure konpromisoa" berresten duela dio, eta "Udal Elkartearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza are gehiago indartzeko, eskualdeko turismo-eskaintza modu koordinatuan garatzeko eta Urola Kosta urte osoan erakargarria izango den helmuga jasangarri, kalitatezko eta lehiakor gisa sendotzen jarraitzeko" aukera emango duela.

Azahara Domiguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak ere izan du teknikari berria ezagutzeko aukera UKUEra egindako bisitan. Haren esanetan, "turismo teknikariak Urola Kostan aberastasuna eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortuko duen turismo-ereduaren kudeaketan aurrera egiteko aukera" emango du. Azpimarratu du kudeaketa turistikorako profesional kualifikatua izatea ezinbestekoa dela, izan ere, "Gipuzkoako hirugarren helmuga turistiko handiena da, 101.758 sarrerarekin 2025ean, eta ahalegin handia egiten ari da familia turismorako erreferentziazko helmuga bihurtzeko".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide