Antxoa kuotaren %93 kontsumituta, hegaluzearen txanda da orain

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 15a

Antxoa sartzen Getariako portuan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Kofradia Itsas-Etxea zentroak nabarmendu du antxoaren kuota Euskal Autonomia Erkidegoan bertan kudeatu ahal izateak ahalbidetu duela kopuru horietara iristea eta antxoaren prezioa 1,89 eurotan mantentzea. Hegaluzetara atera berri dira orain arrantzaleak.

Amaitu da Kantauriko antxoaren kanpaina, eta Kofradia Itsas-Etxea zentroak ohar bidez gaur jakinarazi duenez, asteburu honetan bertan atera dira itsasontziak hegaluzearen kosterara. Antxoaren kanpaina "bereziki positiboa" izan dela jakinarazi du, kuotak kudeatzeko iaz ezarritako sistema berriari esker, "batez besteko prezioa kiloko 1,89 eurotan mantentzea lortu delako, eta balio hori ez zutelako erregistratzen 2013tik". Kuota Euskal Autonomia Erkidegoan bertan kudeatu ahal izateak eraginkorrago jardun ahal izatea ahalbidetu duela azpimarratu du zentro horrek, datu zehatzak emanda: "Bizkaiak eta Gipuzkoak eskura zuten kuotaren %93 kontsumitu dute, 8.023.119 kilo, eta Estatuan, berriz, kontsumoa % 70,58koa izan da, 21.481.461 kilokoa".

Gipuzkoari dagokionez, inguraketa-flotak 2.468.372 kilo saldu ditu Getariako, Pasaiako eta Hondarribiko lonjetan. 

Antxoaren kanpainarekin zerikusi gutxi izan du, berriz, berdelarenak. Datu zehatzik ez dute eman gaurkoan, baina esan dute lortutako emaitzak "oso kezkagarriak" izan direla, eta eragin zuzena eta bizia izan dutela amu eta inguraketa-arte txikiko ontzietan, beren urteko "diru sarrera iturri nagusietako bat" delako berdelaren arrantza.

Hegaluzetara atera berri

Azken egunetan euskal arrantzaleak prestaketa lanetan aritu dira moiletan, baina dagoeneko euskal flotaren % 90 itsas zabalean dagoela azaldu du Kofradia Itsas-Etxeak, eta aurreneko hegaluzea iritsi bada ere Bermeo eta Hondarribia bezalako portuetara, horiek "lehen deskarga puntualak" izan direla nabarmendu du, eta oraindik ez direla izan esanguratsuak.

Kanpainaren aurrean baikor dira, ordea. "Sektoreak baikortasun handiarekin ekin dio kanpainari, eta datozen asteetan euskal portuetan harrapaketak eta deskargak pixkanaka areagotzea espero dugu. Antxoarenarekin batera, arrantzaleentzat eta baxurako arrantza sektorearentzat urteko garrantzitsuena da kostera hau". Gogorarazi dute Eusko Label kalitate zigiluak eta MSC jasangarritasun ziurtagiri ospetsuak bermatzen dutela produktu horren kalitatea, eta kontsumitzaileen artean oso preziatua dela, bai bertan, bai kanpoan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide