Saretzen

Gidabaimena lortzeko adina, atzeratzen

Aitziber Arzallus 2026ko ekainaren 19a

Autoeskola bateko autoa. (Aitziber Arzallus)

Lehen, ohikoa zen 18 urte bete orduko gidabaimena ateratzea. Joera aldatzen ari da, ordea. Hala erakusten dute DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak emandako datuek, eta hala nabaritu dute eskualdeko autoeskoletan ere.

Hona hemen zer pentsatua ematen duten datu batzuk: duela hamarkada bat, ia 75.000 lagun bizi ziren Urola Kostan, eta motordun 46.000 ibilgailu zeuden. Gaur egun, berriz, ia 77.500 lagun bizi dira eskualdean, eta motordun 52.000 ibilgailu baino gehiago daude. Horrek esan nahi du, biztanleria %3,3 hazi den bitartean, %11,6 ugaritu direla motordun ibilgailuak, motordun ibilgailutzat motozikletak, ziklomotorrak, turismoak, furgonetak eta kamioiak hartuta. Berez, gehixeago eta guzti izango lirateke; izan ere, autokarabanak, traktoreak eta beste zenbait ibilgailu ez dituzte kontuan hartu zenbaketa hori egiterakoan. Gidarien generoari erreparatuta, alde handirik ez da izan hamar urtean. 2014an, hamar gidaritatik sei ziren gizonak eta lau emakumeak; eta kopuruek, ehunen batzuk gorabehera, bere horretan jarraitzen dute.

Aldatu dena gidatzeko baimena ateratzeko adina da, modu adierazgarrian, gainera. DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak emandako datuen arabera, 2000. urtean gidabaimena atera zuten lau herritarretatik ia hiruk 25 urte baino gutxiago zituzten, eta orain, erdiak pasatxo dira 18 eta 25 urte artekoak. Zehatzago esanda, lehen, gidari berrien %73k zituzten 25 urte baino gutxiago, eta orain, %58k. Beraz, bi hamarkadatan %15 murriztu da gidabaimena 25 urte bete baino lehen ateratzen duten herritarren kopurua.

"Batzuek nahiago dute telefono on bat izatea, gidabaimena ateratzea baino"

Asier Larrañaga,
Urola autoeskolaren jabea

Datuek diotena baieztatu du Asier Larrañaga Azpeitiko Urola autoeskolaren jabeak, joera aldaketa horren atzean dauden arrazoiak zerrendatzearekin batera: "Egia da datuek diotena, nahiz eta hemen, gurean behintzat, horrenbesteko jaitsierarik ez dugun antzeman. Gainera, gure kasuan, adinaren atzeratze hori gehiago nabaritu dugu motoak gidatzeko baimena ateratzeko orduan, autorako gidabaimenaren kasuan baino". Urteko garaiak desberdindu ditu Larrañagak: "Urtean zehar bai, lehen baino gazte gutxiagok ateratzen dute gidabaimena. Baina behin azterketak eta unibertsitateko hautaproba garaia igarotakoan, gazte gehiago elkartzen da autoeskolan". Horren erakusgarri, atzo bertan 17-18 urte bueltako gazte mordoa zegoen eskola teorikoak hartzen Azpeitiko zentroan.

Gidabaimena ateratzeko adina atzeratu izanaren atzean, honako arrazoiak ikusten ditu Larrañagak: "Garraio zerbitzu publikoa hobetu izanarena iruditzen zait arrazoi nagusiena, jendeak, gaur egun, autorik gabe ere baduelako hara eta hona ibiltzeko modua". Baina, horretaz gain, uste du jendearen pentsatzeko modua ere aldatu egin dela azken urteetan. "Alde batetik, errepidean kontrol gehiago egoten dira orain, eta ez dago lehen bezala ibiltzerik. Bestetik, jendearen lehentasunak ere aldatzen ari dira. Esate baterako, batzuek garrantzi handiagoa ematen diote eskuko telefono on bat izateari, autoa gidatzeko baimena izateari baino".

Lanerako beharrezkoa

Larrañagak ez du uste gaur egun prezioa denik gidabaimena ateratzeko oztopoa. "Ez nuke esango arrazoia ekonomikoa denik; guk, behintzat, ia lau urte daramatzagu preziorik igo gabe". Baina, lehengoez gain, beste "funtsezko" arrazoi bat aipatu du: ikasketak luzatzea. Izan ere, 18 urte egin berri dituzten ikasleen kopurua gutxitu zaien neurri berean, ugaritu egin zaie 27-28 urte bueltakoena, eta horrek bat egiten du ikasketak bukatzen eta lan mundura jauzi egitea pentsatzen ari diren gazteen adinarekin. "Ikasketa prozesua luzatzeak dena atzeratzea dakar azkenean, eta adin horretan gidabaimena ateratzera etortzen dira asko lanerako behar dutelako, izan sektore pribatuan, izan publikoan". Lanean hastearen edota gurasoen etxetik kanpora bizitzera joatearen parean jarri du gidabaimena ateratzearen kontua ere, horiek denak gauzatzeko adina atzeratzen ari dela esaterakoan.

"Asko gidabaimena ateratzera etortzen dira lanerako behar dutela ikustean"

Asier Larrañaga,
Urola autoeskolaren jabea

Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren datuek Larrañagaren esana baieztatzen dute; hain zuzen ere, asko hazi dela 25 eta 29 urteen artean gidabaimena ateratzen duten herritarren kopurua. Baina areago doaz datu horiek: 2000. urtean, gidarien %85ek gidabaimena 29 urte betetzerako aterata zuten; gaur egun, %69 da kopuru hori. 52

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide