Eskualdeko altxorrei balioa ematera dator Flysch organo jaialdia

Ihintza Elustondo-Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 2a

Ander Bengoetxeak eta IƱaki Sanchezek emango dute kontzertua igandean Zumaian.

Asteburuan hasita, organo kontzertuak izango dira Zumaian, Getarian, Orion eta Deban. Emanaldiak doakoak izango dira, baina ongintzazko helburuak izango dituzte bi saiok.

Asteburu honetan hasita, 11. aldiz egingo dute Flysch nazioarteko organo jaialdia, eta edizio kopuru horretara iritsi izana ez da seinale txarra, Santiago Banda antolatzaileak adierazi duenez. "Geroz eta jende gehiago etortzen da emanaldietara, eta pozgarria da hori guretzat". Gipuzkoan organo "bikainak" daudela nabarmendu du, eta "altxor horiek" etxekoei zein kanpokoei erakustea da zikloaren helburua, emanaldi erakargarriak prestatuta. Interesa dutenek, Zumaian, Getarian, Orion eta Deban (Gipuzkoa) izango dute kontzertuez gozatzeko aukera. 

Guztira, lau zuzeneko izango dira, horietako bakoitza aurrez aipatutako herri banatan. Flyschak zeharkatutako herriak dira denak, eta Bandak nabarmendu duenez, horrek ematen dio zikloari izena. Saio guztietan, herri horietako elizetan dauden organoen doinuez gozatzeko aukera izango da, bestelako instrumentuekin uztartuta. 

Zumaiako San Pedro parrokian izango da jaialdiko lehen kontzertua, igande honetan, uztailaren 5ean, 19:30ean hasita. Ander Bengoetxea biolin jotzaileak eta Iñaki Sanchez organistak eskainiko dute zuzenekoa. Uztailaren 12an (12:00), Deban izango da emanaldia: Valentin Larrearen 150. urteurrenaren harira, Aitor Garitano tenorra, Ignacio Arakistain organista azpeitiarra eta Eragiyok abesbatza ariko dira Andre Mari elizan, Jon Larraurik zuzenduta. Uztailaren 18an, Getariako Salbatore elizaren txanda izango da; egun horretan, Antonio Canovas saxo jotzailea eta Ruben Diez organo jotzailea ariko dira zuzenean, 19:30ean hasita. Orion, berriz, uztailaren 24an izango da jaialdiaren barruko saioa, Bariko San Nikolas elizan. Kasu horretan, Ana Aguado eta Santiago Banda organistek eskainiko dute emanaldia, 19:30ean. 

Aurten berrikuntza bat txertatu dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, "berezia" izango da Orioko kontzertua, sekula ez baitute Flysch zikloaren barruan bi organistaren kontzerturik antolatu. "Elizako organoaz gain, beste organo txiki bat eramango dugu, eta bi organistak eskainiko dugu kontzertua", adierazi du Bandak. 

Emanaldi guztietan sarrera doan izango da, baina elkartasun keinu bat ere izango du zikloak. Izan ere, Zumaiako eta Orioko kontzertuetara bertaratzen diren entzuleek borondatea emateko aukera izango dute; Zumaiako saioan bildutako dirua Afagiri emango diote, alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen eta haien senitartekoen Gipuzkoako elkarteari; eta Oriokoan bildutakoa, berriz, AECC minbiziaren aurkako elkarteari. 

Organoak ezagutaraziz

Flysch jaialdiak inguruotako organoak ezagutaraztea du helburu, "balio artistiko nahiz historiko" handia dutelako. Zumaiako eta Getariako organoak XIX. mendekoak dira. Debakoa berria da, baina "munduko organogile onenetakoak" berritu zuen 2013an. Oriokoak, berriz, nahiz eta zaharberrituta dagoen, XIX. mendeko hodiak ditu. Guztiak ere "altxor handiak" direla dio antolatzaileak, eta herritarrak animatu ditu saioetara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide