Berotan ere jaietarako prest egon dira Narrondon

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 12a

Gaur izango dute Narrondon San Kristobal jaien azken eguna. Larunbatean ere aukera ugari izan zuten auzotar zein bisitariek festa giroarekin gozatzeko. 

Bero sapa galanta izan zen atzo, baina horrek ez zuen baretu Narrondoko bizilagunen jaietarako gogoa. Zumaia eta Zestoa artean dagoen auzoan San Kristobal jaietako bigarren eguna izan zuten, eta eguerditik izan zen aukera jaiez gozatzeko. 

Narrondo eta Arroa arteko bidegorria zabaldu duten horretan, Bidegorriko I. Poteoa Bizikletarekin egin zuten eguerdi partean. Narrondo epizentro bezala hartuta, bizikletan gora eta behera aritu ziren, bitartean tabernak bisitatuz. 

Bazkalondoren, mus eta eskoba txapelketako jokatu zituzten. Eskoba txapelketan txapeldunak Rosario eta Karmele izan ziren, eta txapeldunorde Ion eta Leire. Musean, aldiz, txapeldunak Jose Miguel eta Rubio izan ziren; bigarren Maialen eta Joselo sailkatu ziren, hirugarren Amaia eta Joseba eta laugarren Aritz eta Arkaitz. Sardina jana eta dantzaldiarekin amaitu zuten atzoko eguna. 

San Kristobal jaiei gaur emango diete amaiera. Igandeak honako egitaraua izango du: 

  • 11:00-14:30. IV. Artisau azoka eta talogileak (egun guztian egongo da talo postua).
  • 12:30. Zapotxin pailazoa, Baratxuri zoparen sekretua emanaldia.
  • Ondoren, bazkaltzeko aukera karpan, bakoitzak bere janaria eramanda. Edariak bertan erosi beharko dira.
  • 18:00. Herri kirol erakustaldia. Aizkolariak: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugerza eta Eneko Otaño. Harri jasotzaileak: Estefi Etxebeste eta Udane Ostolaza.

(Argazkiak: utzitakoak)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide