Gutuna

Oikia: eskola bat, komunitate bat, bizitza bat

Itziar Garciarena Arrieta 2026ko abuztuaren 20a

Eskolako ikasleen gurasoek Garciarenari oparitutako oroigarriak. (utzitakoa)

Itziar Garciarena Arrietak honako gutuna helarazi dio Zumaia Gukari.

Etapa bat amaitzean, atzera begiratu eta egindako bideaz jabetzen gara. Horixe gertatu zait niri Oikiako eskolan hogei urte baino gehiago eman ondoren. Atzo iritsi nintzela ematen du eta, hala ere, urte hauetan esperientzia, proiektu, ikaskuntza eta une asko bizi izan ditut; guztiak nire bizitzaren parte dira dagoeneko.

Ibilbide honi begiratzen diodanean, behin eta berriz datorkidan hitza esker ona da.

Zorionekoa sentitzen naiz eskola honetan maestra gisa nire lana garatzeko aukera izan dudalako. Ikasle askorekin lan egiteko zortea izan dut eta haiek niri irakatsi didatena nik haiei irakatsi ahal izan diedana bezainbeste izan dela sentitzen dut. Haien jakin-minak, galderak, ikasteko gogoak eta hazten ikusteak nire lanbideaz gozatzeko aukera eman dit eta egiten nuen lanak zentzua zuela sentiarazi dit.

Eta haiekin batera, familiak hor egon zarete. Zuei bereziki eskertu nahi dizuet niregan jarritako konfiantza. Maestra gisa izan duzuen konfiantza eta baita, ibilbide honen zati handi batean, zuzendari gisa ere. Eskola txiki batean, eskola, familiak eta herria ezinbestean doaz elkarrekin eta urte guzti hauetan zuen babesa eta gertutasuna sentitu ditut. Erabaki zailak hartu behar izan direnean, proiektu garrantzitsuak martxan jarri ditugunean edo lanordu asko eskaini behar izan direnean ere, ez dut sekula sentitu bakarrik nindoanik.

Asko dira geratzen diren oroitzapenak. Eskola berriarena, esaterako, ez litzateke posible izango hainbeste pertsonaren ahalegin partekaturik gabe: bilerak, deiak, gestioak, elkarrizketak, kezkak eta, batez ere, ilusio handia. Gauza bera esan daiteke Eskola Txikien festaz eta elkarrekin bizi izan ditugun beste hainbeste proiektu eta uneri buruz. Ekimen bakoitzaren emaitzatik harago, maitasun bereziz gordetzen dudana elkarrekin zerbait eraikitzen ari ginelako sentipena da.

Izan ere, eskola txiki bat eraikin bat baino askoz gehiago da eta haurrak goizero joaten diren tokia baino askoz gehiago. Komunitatea da. Topagunea da, ikasteko eta elkarrekin bizitzeko espazioa. Eta hainbeste urtez Oikiako komunitate honen parte izatea benetako pribilegioa izan da niretzat.

Maila pertsonalean ere bizitza aldatzen joan da. Une hobeak eta zailagoak izan dira, edozein bizitza ibilbidean bezala. Eta une horietan ere, herriko pertsona askoren maitasun, animo eta gertutasun hitzak jaso ditut. Ez ditut ahaztu. Agian horregatik sentitzen dut eskola honekin eta Oikiarekin dudan lotura lan esparrutik harago doala.

Orain etapa bat amaitzen da eta beste bat hasten da. Horrelakoa da bizitza; irekitzen diren etapak, ixten direnak, eta bidea aldatu arren gure baitan geratzen diren pertsonak eta lekuak.

Ez dut izan familia guztiak nahi bezala agurtzeko aukerarik eta agian horregatik idatzi nahi izan ditut hitz hauek. Ez hainbeste agur esateko, baizik eta eskerrak emateko.

Eskerrik asko urte hauetan nirekin bidea partekatu duzuen ikasle guztiei. Eskerrik asko familiei, niregan konfiantza izateagatik, nirekin batera egoteagatik eta beti hor egoteagatik. Eta eskerrik asko, era batera edo bestera, eskola eta komunitatea eraikitzen lagundu duzuen guztioi.

Oikiatik gauza asko eramaten ditut nirekin: oroitzapenak, ikasitakoa, izenak, aurpegiak, elkarrizketak, proiektuak eta, batez ere, jasotako maitasuna. Baina urte hauetan guztietan ikasi dudan gauzarik baliotsuenetako bat lanbidetik harago doa: bide hau nirekin partekatu duzuen guztiei esker, pertsona hobea izaten ere ikasi dudala sentitzen dut.

Benetako luxua izan da etapa hau hemen bizi ahal izatea.

Bihotz-bihotzez, eskerrik asko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide