Finantza kudeaketari buruzko jardunaldia antolatu du UKUEk

Intza Trula

Ordenagailua eta mugikorrak, mahai batean. (Pixabay)

Basque District of Culture and Creativity (BDCC) ekimenarekin elkarlanean antolatu dute saioa. Urriaren 8an, ostegunez, izango da, 10:00etatik 12:00etara UKUEren Zarauzko egoitzan.

Basque District of Culture and Creativity (BDCC) ekimenarekin elkarlanean, Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) finantza kudeaketari buruzko jardunaldia eskainiko du. Urriaren 8an izango da, 10:00etatik 12:00etara, UKUEren Zarauzko egoitzan.

Saioa kultura eta sormen industrien sektoreko profesionalei eta enpresei zuzenduta egongo da, eta helburua da haien proiektuen kudeaketa ekonomikoa eta iraunkortasuna indartzeko tresnak eta ezagutzak eskaintzea. UKUEko Enpresa departamentuko teknikari Eli Uzkudunen ongietorriarekin abiatuko dute jardunaldia, eta, ondoren, BDCCren aurkezpena entzuteko aukera izango dute bertaratutakoek.

Zati nagusia finantza kudeaketari buruzko tailer teoriko-praktikoa izango da, eta Asertek Gestión enpresako bazkide-aholkulari Daniel Ortegak gidatuko du. Besteak beste, parte hartzaileek beren proiektuen finantza egoera hobeto ezagutzeko eta kudeaketa ekonomikoari ikuspegi praktiko batetik heltzeko aukera izango dute.

Parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, eta horretarako aukera zabalik dago ondorengo lotura honetan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide