Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) turismo sektoreari zuzendutako hiru prestakuntza saio antolatu dituzte, Talentur ekimenaren barruan. Talentur turismo sektorearen bilakaerari laguntzeko diseinatutako prestakuntza ekimena da, prestakuntza zentroekin eta lurraldeko eragileekin elkarlanean garatzen dena.
Ekimenak sektoreak gaur egun dituen erronkei erantzutea du helburu, besteak beste, etengabeko berrikuntzari, adimen artifizialaren tresna berriei, jasangarritasunari, kudeaketa-eredu berritzaileei eta talentua erakartzeko eta prestatzeko beharrari.
Hiru prestakuntza saio
Urola Kostan, hiru prestakuntza saio eskainiko dituzte, arreta zerbitzuaren kalitatean, gastronomian eta euskarazko turismo arretan jarriz. Lehenengo ikastaroan taberna eta jatetxeetako zerbitzuan kalitatezko arreta eskaintzeko funtsezko alderdiak landuko dituzte. Besteak beste, komunikazio eraginkorra, kexa eta ustekabeko egoeren kudeaketa, jarrera profesionala eta proaktiboa eta barra eta aretoaren arteko koordinazioa jorratuko dira. Helburua da parte hartzaileei bezeroaren esperientzia hobetzeko, gogobetetasuna handitzeko eta fidelizazioa sustatzeko tresna praktikoak eskaintzea. Cebanc izango da ikastaroaren formatzailea eta orotara 10 orudko iraupena izango du. Urriaren 7an, 14an, 21ean eta 28an izango dira saioak, 17:00etatik 19:00etara, udal elkartearen egoitzan.
Bigarren ikastaroan banderillak, pintxoak eta miniaturako sukaldaritza proposamenak sortzeko teknikak landuko dituzte, ikuspegi moderno eta erakargarri batekin. Helburua da parte hartzaileei proposamen original, orekatu eta ikusgarriak sortzeko baliabide praktikoak eskaintzea, tokiko produktua eta sormena ardatz hartuta. Ikastaroa urriaren 19an eskainiko dute, 16:00etatik 19:00etara UKUEren egoitzan, eta guztira hiru orduko iraupena izango du.
Hirugarren eta azken ikastaroak turismo arreta emateko behar den oinarrizko euskara modu praktikoan lantzea du helburu, eta parte hartzaileek, besteak beste, agurrak, esaldi erabilgarriak eta sektoreko hiztegi espezifikoa landuko dituzte, bisitariekin komunikazio hurbila eta eraginkorra errazteko. Helburua da parte hartzaileek segurtasuna eta gaitasuna eskuratzea ohiko arreta egoeretan euskaraz jarduteko. Ikastaroak 10 orduko iraupena izango du, eta azaroaren 11n, 18an eta 25ean eskainiko da, 16:00etatik 18:00etara UKUEren egoitzan.
Hori horrela izanda, prestakuntza saioetan parte hartu nahi dutenek ondorengo galdetegiaren bidez eman dezakete izena.