Espainiako Gorteetarako bozak azaroaren 29ra aurreratu ditu Pedro Sanchezek

Julene Frantzesena

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, gaurko agerraldian. (La Moncloa)

Espainiako presidenteak gaur goizean iragarri du bozak aurreratuko dituela. Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko aurkeztutako bi dekreturen porrotak eraman du presidentea hauteskundeak aurreratzera. Espainiak "gehiengo aurrerakoi zabalagoa" behar duela esan du, eta bukatzear den agintaldia "lakarra" izan dela.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak gaur goizean iragarri du Espainiako Gorteetarako bozak aurreratuko dituela: azaroaren 29an izango dira, igandez. Izatez, Espainiako hauteskunde orokorrak datorren urtean egokitzen ziren, baina bi etxebizitza dekreturen porrotak ez dio utzi Sanchezi agintaldia bukatzen. Hain zuzen ere, asteburuan egoera politikoa aztertuta, hauteskundeak aurreratzearen alde egin du presidenteak. 

Joan zen astean Espainiako politikagintza hankaz gora jarri zuen 87 urteko Maricarmen Abascalen etxegabetzeak eta hori salatzeko deitutako protestek. Etxebizitza larrialdiari erantzuteko asmoz, Diputatuen Kongresuan bi dekretu bozkatu zituzten joan zen ostiralean: etxegabetzeei buruzkoa eta alokairu kontratuak automatikoki luzatzeari buruzkoa. Biak ala biak atzera bota zituzten, ordea: 172 diputatuk bozkatu zuten lehen dekretuaren alde, eta 178k kontra (JxC, PP, Vox eta UPN); bigarrenak, berriz, aldeko 166 boz jaso zituen, eta kontrako 184 (JxC, PP, Vox, UPN, Coalicion Canaria eta EAJ). 

Sanchezek 09:00etan hasita Moncloa jauregian egin duen agerraldian adierazi du "gehiengo aurrerakoi zabalagoa" behar duela onartzeko geratzen diren erreformek aurrera egin dezaten. Gainera, esan du Espainiako Kongresuan bukatzear den agintaldia "lakarra" izan dela, eta salatu du historia demokratikoan izan den "oposiziorik txarrena" izan duela. Aurrera begira bi aukera daudela esan du: "Ultraeskuinaren olatua hartzea edo Espainia irekitasunaren nahiz justizia sozialaren gotorleku izaten jarraitzea". 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide