Ertzaintzak eta Zumaiako Udaltzaingoak lau lagun atxilotu dituzte gaur goizean, tren estazioan grafitiak egitea egotzita. Atxiloketa horiek grafitigileen aurka martxan jarritako operatibo baten ondorio dira, eta pasa den astean beste pertsona bat atxilo eraman zutela jakinarazi dute udaltzainek.
Azaldu dutenez, "azken hilabeteetan" pintaketa ugari azaldu dira Euskotren sareko hainbat trenen bagoietan, eta pintaketen egileak antzemateko operatiboa martxan jarri zuten Ertzaintzak eta Zumaiako Udaltzaingoak. Azken horrek jakinarazi duenez, "antolatutako zenbait taldek" goizean goiz egiten dituzte grafitiak Zumaiako tren estazioan, trenak geldirik daudela aprobetxatuta.
Udaltzaingoaren arabera, pasa den astean bi lagun "in fraganti" harrapatu zituzten grafiti bat egiten, eta horietako bat atxilotu zuten; besteak ihes egitea lortu zuen. Gaurkoan, estazioan pintaketak egitetik zetozen lau lagun atxilotu dituzte Narrondon.