Lekukuko egitasmoa abiatuko du UKUEk, "banakako ezagutza erakunde ezagutza bihurtzeko" asmoz

Intza Trula

Hainbat pertsona, elkarrekin lan egiten. (Pixabay)

Urola Kostako enpresa txiki zein ertainei zuzendutako egitasmoa da. Online informazio saioa egingo dute urriaren 16an, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko eta enpresek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Lekuko egitasmoa aurkeztuko du aurki, eskualdeko enpresa txikietan eta ertainetan (ETE) ezagutza estrategikoaren transmisioa eta kudeaketa sustatzeko. UKUEren esanetan, egitasmoaren helburu nagusia da "banakako ezagutza erakunde ezagutza bihurtzea; hau da, pertsona edo langile jakin baten esku dagoen ezagutza enpresaren ondare bihurtzea, pertsona hori erakundean ez dagoenean ere ezagutza hori eskuragarri egon dadin".

Izan ere, sustatzaileen iritziz langileek urteetan bildu duten ezagutza, esperientzia eta egiteko moduak "funtsezkoak" dira enpresen eguneroko jardunerako, "baina askotan pertsona jakin batzuengan kontzentratzen dira". Ondorioz, langile horiek enpresatik ateratzen direnean, "ezagutza estrategiko hori galtzeko arriskua" dagoela ohartarazi du UKUEk, "eta horrek eragina izan dezake enpresaren lehiakortasunean eta jarraipenean". Lekuko egitasmoaren bidez, "egoera horri aurrea hartu eta ezagutza enpresaren barruan identifikatu, sistematizatu eta transmititzeko tresnak eta metodologiak landu" nahi dituzte.

Egitasmoa Urola Kostako eskualdeko enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago, eta hainbat fase izango ditu: lehenik, eskualdeko enpresetan ezagutzaren kudeaketari eta transmisioari buruzko diagnostikoa egingo dute. Ondoren, ezagutzaren transmisiorako metodologia eta tresnak garatuko dituzte, enpresen beharretara egokitutako proposamena osatzeko. Azkenik, metodologia eta tresnak eskualdeko bost enpresatan ezarriko dituzte, proba pilotu moduan.

Hori hala, egitasmoa eskualdeko enpresei aurkezteko, online informazio saioa egingo dute, urriaren 16an, 09:30etik 10:15era. Saioan Lekuko egitasmoaren testuingurua, helburuak eta faseak azalduko dituzte, eta parte hartzaileek egitasmoaren inguruko zalantzak eta galderak egiteko aukera izango dute. Informazio saioan parte hartzeko ondorengo lotura honetan eman daiteke izena, eta zalantzak argitzeko 943-89 08 08 telefonora deitu edota enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi daiteke.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide