Bidegik martxan ditu Zestoa eta Zumaia arteko ordainlekua berritzeko lanak. Ordainlekua guztiz berritzea da foru sozietate horren helburua, eta asmoa betetzeko, ordainlekua kokatuta dagoen eremua guztiz berrituko dute. Ordainlekua berrituta, guztira, 3,5 milioi euroko inbertsioa egingo du Gipuzkoako autobideen kudeaketaz arduratzen den foru sozietateak.
Sozietate horrek jakinarazi duenez, Kapsch Trafficcom Arce Sistemas eta Amenabar SA enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteak egingo ditu obrak, eta gutxi gorabehera, urte eta erdiko epea izango dute horretarako. Ordainleku berriak bost bide eta makina automatikoak izango ditu. Autobide irteerarako hiru bide egokituko dituzte, eta horietako batek eskainiko du soilik eskuz, txartel bidez edota modu dinamikoan kobratzeko aukera. Beste bietan, berriz, erabiltzaileek txartelarekin contactless bidez edota modu dinamikoan ordaindu ahal izango dute. Autobidera sartzeko, bestalde, egungo bi bideak mantenduko dituzte. Hala eta guztiz ere, Bidegik nabarmendu du "bide dinamikoak" izango direla horiek, txartel igorleak izango baitituzte.
Obrak egindakoan, etorkizunean ordainlekua free flow sistemara "erraz" egokitu ahal izango dutela adierazi du foru sozietateak. Era berean, instalazio elektrikoa erabat berrituko dute, Oiartzungo, Zarauzko, Irungo, Orioko eta Elgoibarko ordainlekuetan egin duten edota egiten ari diren modura. Horrekin guztiarekin batera, foru sozietateak beste hainbat tresna instalatuko ditu, besteak beste, matrikulak irakurtzeko kamerak, definizio altuko inguruko kamerak, gertakarien tratamendua egiteko nahiz bidea ikuskatzeko bideo sistema berria eta erabiltzailea urruneko operadorearen bidez komunikatzeko mekanismoa.
Bidegik adierazi duenez, ordainlekua berritu bitartean ez dituzte ordainlekuetako zerbitzuak etengo, eta egiten dituzten urrats guztiak seinale bidez adieraziko dituzte.