Mikel Juaristi: "Irakurketak curriculum osoa zeharkatu behar du"

Mailo Oiarzabal

Mikel Juaristi. (Irekia)

PISAren emaitzek eta azterketak bere zuzendaritzari ez diote zuzenean eragiten, baina Eusko Jaurlaritzaren ikuspuntua azaldu du Mikel Juaristik (Azkoitia, 1982), Hezkuntza saileko Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendariak.

Azken PISA azterketaren emaitzak oso kaskarrak eta kezkatzekoak direla esaten bat zatozte eragileak eta arduradun politikoak. Hala ere, Jaurlaritzak datuok testuinguruan jartzearen beharra nabarmendu du. Zein da testuinguru hori?

Emaitzak ez dira onak, eta erabateko seriotasunez aztertu behar dira. Hori esanda, ezin dira alarmismotik interpretatu, ezta hezkuntza sistemaren balorazio osoa emaitza horietara mugatu ere. PISAk nazioarteko joerak erakusten ditu, baina ez du hezkuntza sistema baten errealitate osoa azaltzen. Testuinguruaren lehen elementua da errendimenduaren beherakada ez dela Euskadiko fenomeno esklusiboa. OCDEko herrialde askotan, Europan eta [Espainiako] Estatuko autonomia erkidego gehienetan ere antzeko joerak ikusi dira, bereziki irakurketaren alorrean. Gainera, oraingoan ikusi da errendimendu handieneko ikasleen emaitzek ere beheranzko joera izan dutela nazioartean. Bigarren elementua da Euskadik ebaluazio sistema propio sendoak dituela. Ikastetxeen ebaluazio jarraituaz gain, ISEIren ebaluazioek datu oso testuinguratuak eskaintzen dituzte, eta 2026ko ebaluazio diagnostikoak hobekuntza zantzuak identifikatu ditu zenbait konpetentziatan. Horregatik, datu guztiak elkarrekin aztertu behar dira, eta ez argazki bakar baten arabera.

PISAren datuak ere hobetzeko, nondik hasi beharko litzateke?

Lehentasun nagusia irakurmen konpetentzia indartzea da. PISAk oso argi erakutsi du irakurketaren ulermena dela arreta berezia eskatzen duen eremua, eta horregatik ari gara ikastetxeetan irakurketaren inguruko estrategia sendoak garatzen. Irakurketa ez da hizkuntzen ikasgaietara mugatzen den gaitasuna. Zientzietako testuak ulertzeko, matematikako enuntziatuak interpretatzeko edo informazioa modu kritikoan aztertzeko ere beharrezkoa da. Horregatik, irakurketak curriculum osoa zeharkatu behar du.

Pantailek edota AAk ikasle gazteenen ikasketa prozesuan kalterako eragina dutela nabarmendu dute aditu askok. Bat al zatozte irakurketa horrekin?

Teknologiari buruzko eztabaida sinplifikazioetatik urrundu behar dela uste dugu. Gaur egun daukagun ebidentziak ez du esaten teknologiak berez emaitza txarrak eragiten dituenik; esaten duena da erabilera motak eragina duela. PISAk berak adierazten du helburu pedagogikorik gabeko erabilera intentsiboak ikaskuntza zaildu dezakeela, baina erabilera moderatuak eta hezkuntza helburuekin planifikatutakoak lagungarri izan daitezkeela. Horregatik, ez dugu uste eztabaida "pantailak bai ala ez" terminoetan planteatu behar denik. Gakoa da noiz, nola eta zertarako erabiltzen diren. Bestalde, egia da gizarte osoan ikusten ari garela arreta gaitasunaren galera, etengabeko estimulazio digitalaren eragina eta irakurketa sakonean zailtasunak. Horrek hezkuntzan ere eragina du. Horregatik, teknologia erabiltzearekin batera, arreta, kontzentrazioa, hausnarketa eta ikaskuntza sakona lantzen jarraitu behar dugu. Adimen artifizialari dagokionez, tresna baliotsua izan daiteke, baina ezin da bihurtu ikaslearen pentsamendua edo ahalegina ordezkatzen dituen lasterbide.

Emaitzak aztertzerakoan, fokuak ondo ari al dira zuzentzen?

Zenbait kasutan bai, baina beste batzuetan arriskua dago azalpen errazegietara jotzeko. PISAren emaitzak ezin dira kausa bakar baten ondorio gisa interpretatu. Gaur egungo erronkak multifaktorialak dira. Horregatik defendatzen dugu datuetan oinarritutako eztabaida serioa eta ez polarizatua.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide