Urolako azpiestazio elektrikoa, 2028rako eraikita eta martxan

Aitziber Arzallus

Goi tentsioko bi dorre. (SPRI)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sarearen gaitasuna bost urtean 6.000 megawatt handitzeko egitasmoetako bat da Urolakoa. 400 kilovoltioko potentzia izango du.

Urola eskualdean 400 kilovoltioko potentzia izango duen azpiestazio elektriko bat eraikiko dute, eta ondo bidean, azpiegitura berria 2028an hasiko da zerbitzua ematen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare elektrikoaren saturazioa arintzeko eta gaitasuna handitzeko datozen hilabeteetarako Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak iragarri dituzten neurrietako bat da hori.

Erakunde publikoek, enpresek zein Iberdrolak berak urteak daramatzate arazoaz ohartarazten. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriko argindarra banatzeko sarea Iberdrolarena da –zehazki, haren I-DE banaketa konpainiarena–, eta aspaldi abisatu zuen enpresa horrek sarea agortzear zela, ez zela ia entxuferik gelditzen. Azken urteetan enpresa berriak ezartzeko oztopo nabarmena izan da hori, baita industria deskarbonizatzeko bidean urratsak egiteko ere. Jaurlaritzaren datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 117 enpresak deskarbonizazio egitasmoak geldituta dituzte.

Eusko Jaurlaritzak eta Madrilek luze jardun dute negoziatzen, eta azkenean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gaitasun elektrikoa bost urtean 6.000 megawatt handitzea hitzartu dute, alegia, egungo gaitasuna %50 baino gehiago areagotzea. Espainiako Gobernuak 369 milioi euro bideratuko ditu horretara, 2030a horizontean jarrita energia elektrikoaren garraio sarerako prestatu duen planifikazioan jaso duenaren arabera, eta Urolako azpiestazio elektrikoa eraikitzea ardatz nagusietako bat izango da, batez ere Gipuzkoako sarea sendotzeko bidean.

Espainiako Gobernuak uztailean Errege Dekretu bidez onartu zuen argindarra garraiatzeko eta banatzeko sarerako inbertsio plana. Hasiera batean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gaitasun elektrikoa %40 handitzeko konpromisoa adierazi zion Jaurlaritzari, nahiz eta gutxiegi iruditu hari. Irailean, baina, gaitasuna bost urtean %50 haztea adostu zuten bi administrazioek. Hitzartutako hobekuntzak gauzatzen hasteko, Ministroen Kontseiluaren onespena behar du dokumentuak, baina ziurtzat jotzen da hori. Bitartean, zehaztuta dituzte egutegia, epeak eta bestelako xehetasun gehienak, lanean lehenbailehen hastea komeni zaielako denei.

Kokapen zehatzik ez

Hala ere, bada oraindik jakinarazi ez duten xehetasun bat, Urola Kostako herritarrentzat bereziki garrantzitsua dena: non eraikiko duten Urolako azpiestazio elektrikoa. Azpiegitura Azpeitia, Gatika (Bizkaia) eta Hernani (Gipuzkoa) lotzen dituzten goi tentsioko linea nagusietara atxikita egongo dela ziurtatu dute, baina haren kokapen zehatzik eman gabe.

Bost urtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sarearen gaitasuna 6.000 megawatt handitzeko helburura iristeko, Urolako azpiestazioa eraikitzeaz gain, beste hainbat lan ere gauzatuko dituzte. Dagoeneko eraikita dauden hogei azpiestazioetan moldaketak eta egokitzapenak egingo dituzte, eta horrez gain, beste bost azpiestazio eraikiko dituzte hiru lurraldeetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 476 kilometro linea elektriko berri jarriko dituzte, lehendik dauden 421 kilometroak egokituko dituzte eta lehendik dauden azpiestazioetan 37 posizio berri gaituko dituzte –zazpi kontsumitzaile handientzat, 24 banaketa sareari laguntzeko, eta sei energia berriztagarrientzat zein biltegiratzeko–.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide