Urola Kostako EAJk EH Bilduren kudeaketaren "porrota" salatu du

Enara Ariznabarreta

Garbigunea. (Intza Trula)

EAJren hitzetan, hiru urte baino gehiago igaro dira EH Bilduk Udal Elkartearen ardura hartu zuenetik, eta Garbigune berria oraindik ez da martxan jarri. Egoera honek EH Bilduren "kudeaketa gaitasun falta" agerian uzten duela nabarmendu du EAJk, eta atzerapenen inguruko azalpenak, erantzukizunak eta proiektua amaitzeko egutegi zehatza eskatu ditu.

Urola Kostako EAJk gogor salatu du EH Bilduk Zarauzko Garbigune berriaren kudeaketan erakutsitako "ezintasun politikoa". Jeltzaleen hitzetan, hiru urte baino gehiago daramatza EH Bilduk Urola Kostako Udal Elkartea gobernatzen, eta "oraindik ez du lortu aurreko agintaldian planifikatuta, finantzatuta eta obra nagusia esleituta utzitako azpiegitura herritarren zerbitzura jartzea". Gainera, egoera honek EH Bilduren "gobernatzeko moduaren gabeziak" agerian uzten dituela nabarmendu du EAJk, esaterako, "proiektuak gauzatzeko zailtasunak, atzerapenak eta emaitza falta".

Era berean, alderdi jeltzaleak gogorarazi du Garbigune berria ez zela "hutsetik abiatu beharreko proiektu bat". Izan ere, 2020an, "Udal Elkarteak aho batez onartu zuen azpiegitura berria finantzatzea, 1,95 milioi euroko inbertsio orokorrarekin", eta 2021ean, obra nagusia esleitu zen, eta "proiektua hiru fasetan garatzea aurreikusi zen: Garbigune berria eraikitzea, instalazio zaharra eraistea eta lurzoru kutsatuak tratatzea, eta azken faseko urbanizazio-lanak gauzatzea".

EAJren arabera, EH Bilduri aurretik bideratutako proiektuari jarraipena ematea, sortutako arazoak konpontzea eta azpiegitura martxan jartzea zegokion. Hala ere, "hiru urte baino gehiago igaro ondoren, helburu horrek bete gabe jarraitzen du". Gainera, jeltzaleek azpimarratu dute "are larriagoa" dela obra nagusiak 2023ko urtarrilean hasi eta, Udal Elkarteko presidentearen beraren arabera, 2024ko apirilerako materialki amaitu arren, instalazioa ez irekitzea, eta 2025eko ekainean dokumentazioarekin eta izapideekin lotutako arazoek konpondu gabe jarraitzea.

EAJren iritziz, "onartezina da obra nagusiak amaitutzat eman zirenetik bi urte eta erdi inguru igaro izana eta azpiegitura berria oraindik herritarren zerbitzura jarri gabe egotea". Gainera, "proiektuaren gainerako faseak osorik gauzatu direla egiaztatzeko informazio nahikorik" ez dagoela nabarmendu dute.

"EH Bilduk ez du oraindik erantzukizun hori behar bezala bete"

Talde jeltzaleak adierazi du "Zarauzko Garbigunearen egoera ez dela atzerapen puntual baten kontua". Proiektuaren bilakaerak "zalantza larriak sortzen dituela nabarmendu dute, "EH Bilduk Udal Elkartearen ardurapean dituen egitasmoak planifikatzeko, koordinatzeko eta amaierara eramateko duen gaitasuna" kontuan izanda.

Hori horrela, EAJk azpimarratu du gobernatzea ez dela "aurreko agintaldian hasitako proiektuak jasotzea edo zailtasunak agertzen direnean azalpenak ematea soilik". Gainera, "gobernatzeak erabakiak hartzea, arazoei irtenbidea ematea eta herritarrei emaitzak eskaintzea" eskatzen duela gehitu du, eta Zarauzko Garbigunearen kasuan, EH Bilduk ez duela oraindik erantzukizun hori behar bezala bete azpimarratu dute.

Halaber, atzerapenak herriarentzat ondorioak dituela adierazi dute. "Garbigune berria hondakinen sailkapena, berrerabilera eta kudeaketa hobetzeko diseinatu zen, egungo instalazioaren mugak gainditzeko. Instalazio zaharrak 1.082 metro koadro ditu, eta berriak 3.307 metro koadro izatea aurreikusten da, zerbitzuaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko" nabarmendu dute jeltzaleek.

"Azpiegitura berria martxan jarri gabe dagoen bitartean, herritarrek ezin dituzte aurreikusitako hobekuntza horiek baliatu", beraz, EAJrentzat ez da administrazioaren barneko arazo hutsa, "herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuetan eta haien eguneroko bizi-kalitatean eragina duen egoera da".

Azalpenak eta erantzukizunak

Egoera honen aurrean, Urola Kostako EAJk EH Bilduri azalpenak eskatu dizkio. Esaterako, "argitu dezala zergatik ez den oraindik Garbigune berria martxan jarri, zer lan eta izapide dauden egiteko, zein egoeratan dauden proiektuaren hiru faseak eta noiz izango duten herritarrek azpiegitura berria erabiltzeko aukera".

"Hiru urte baino gehiago gobernuan eman ondoren, EH Bilduk ezin du atzerapenak justifikatzen jarraitu, proiektua amaitzeko egutegi argirik aurkeztu gabe", azpimarratu du alderdi jeltzaleak. Hori horrela, "erantzukizun politikoa bere gain hartzeko, egiteko dauden lanak amaitzeko eta herritarrei epe zehatzak eskaintzeko" eskatu dio. 

EAJren hitzetan, jeltzaleek "proiektua planifikatuta, finantzatuta eta obra nagusia esleituta" utzi zuten, eta "EH Bilduk hiru urte baino gehiago izan ditu aurrera eramateko, baina Garbigune berria oraindik ez dago herritarren zerbitzura". Jeltzaleek nabarmendu dute Urola Kostako herritarrek ez dutela "aitzakia gehiagorik behar, erantzunak eta emaitzak baizik". Gainera, Udal Elkartearen kudeaketaren jarraipen zorrotza egiten jarraituko duela berretsi du EAJk, "proiektu publikoak behar bezala gauzatu eta eskualdeko herritarrek kalitatezko zerbitzuak jaso ditzaten".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide