Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa sailak Martxan Bidaiariak elkartea diruz lagunduko zuela agindu eta hainbat astera, hitzarmena sinatu dute gaur bi aldeek. Horrenbestez, Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako campusetara (Gipuzkoa) ikastera joaten diren Zumaiako, Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko bizilagunek Mugi sisteman txertatuta izango dute autobus zerbitzua, eta garraioaren kostuaren zati handi bat erakundeak ordainduko du. Hain zuzen, ohiko autobus linea batek izango lukeen antzeko prezioa ordainduko dute erabiltzaileek zerbitzuaren truke. "Horrek hileko aurrezpen handia ekarriko die dozenaka familiari", esan du erakundeak.
Gaur elkartu dira Azahara Domiguez diputatuak Martxan Bidaiariak elkarteko kideekin, elkartearen funtzionamendua zein antolaketa bertatik bertara ezagutzeko, eta aldundiaren sail horren finantzazioak elkartearen jardunean eta erabiltzaileengan izango dituen eragina azaltzeko. Hain zuzen, diputatuak esan du laguntzaren bidez, unibertsitaterako sarbidea "demokratizatzen" dutela, bizilekua edo garraioaren kostua ez daitezen izan "oztopo" gazteek unibertsitate ikasketak egin ahal izateko. Era berean, hitzarmena orain sinatu bada ere, atzeraeraginezko izaera izango du elkartearen jarduera hasi zenetik; hau da, joan den irailetik, unibertsitateko ikasturtea hastearekin batera.