"Zumaiak aldaketa bat behar du herrigintza eta udalgintza egiteko orduan", esan du Oier Kortak. Zumaiako EAJ-PNVren presidente Jexux Olaizolak bere "lanerako gaitasuna, pertsona independientea izatea eta zumaiarrenganako duen hurbiltasuna" azpimarratu ditu.
Zumaiako EAJ-PNVk prentsaurrekoan aurkeztu du Oier Korta, 2015ean egingo diren udal hauteskundeetako alkatetzarako hautagai moduan "alderdikideen babesarekin eta zumaiarrei, beraien konfiantza lortzeko, aurkeztuko dien taldearen buru izango dena".
Jexux Olaizolak, Zumaiako EAJren presidenteak, eskertu egin dio Oier Kortari erakutsi dituen prestutasuna eta jarrera ona, eta azpimarratu ditu bere "lanerako gaitasuna, pertsona independientea izatea eta zumaiarrenganako duen hurbiltasuna".
Horrela adierazi du: "Ezagutzen dutenek ondo baino hobeto dakite Oier pertsona elkarrizketazalea eta irekia dela, zumaiarrengandik hurbil dagoena, eta kudeaketarako gaitasun handia duena. Jarrera sektarioetatik urrun egongo den emakume eta gizon talde baten buru izango da, eta une hauetan, ezker abertzalearen esku dagoen gobernuaren benetako alternatiba izango da. Oier prest dago Zumaiak behar duen alkatea izateko", azpimarratu du Olaizolak.
Oier Kortak, zerrendaburu izateko jeltzaleek beregan jarri duten konfiantza eta babesa eskertu ditu, eta gehitu du: "Ilusioz, gogoz eta eratzunkizunez hartzen dudan erronka da. Pertsonak, haien duintasuna eta ongizatea dira, eta izango dira , gure proiektuaren ardatz nagusi. Herriaren zerbitzura dagoen erakunde bat izan behar du Udalak, herriko arazoei aurre egiten lagunduko duen erakunde bat. Udala ezin da mugatu eguneroko eginbeharrak gestionatu eta alderdi desberdinen hika mikak azaleratzen diren foro bat izatera. Zerbait hobea izatea espero behar da, horregatik Zumaiak aldaketa bat behar du herrigintza eta udalgintza egiteko orduan".
Alde horretatik honakoa azpimarratu du: "Zumaiak gobernu onean oinarritutako politika publikoak behar ditu, sinesgarriak eta herritarrengandik hurbil daudenak, planifikazio zehatz eta zorrotz batekin eginak, krisiari modu partekatuan aurre egiteko, eta zumaiarron ongizate maila eta etorkizuna bermatzeko. Gure herriak ikuspegi politiko integratzailea behar du, sektarismoetatik urruti, eta elkarrizketan eta adostasunean oinarritutako kultura politikoa". Eta gehitu du: "Zerbait ikasi badut Zumaian hondakinen bilketa sistemaren inguruan gauzatutako herri mugimenduan parte hartu nuenean, da, egitasmoak aurrera ateratzeko adostasuna beharrezkoa dela eta horretarako aurrean duzunari entzun egin behar diozula eta hori da herrigintzan ere jarraituko dudana egiten: zumaiarrei entzun".
Amaitzeko aurreratu du: "Oinarri horiekin oraintxe bertatik lan talde bat osatzen ari naiz Zumaiak dituen behar eta erronkak aztertzeko, eta aterako diren ondorioak, herriko eta gizarteko eragile eta sektoreekin kontrastatuko ditugu haiek ekarpenak ere jasotzeko".
Oier Korta 1972an jaioa da, ezkondua, eta hiru seme-alaba ditu.