Koalizioak iragarri duenez, lehenik eta behin proposamenak landuko dira alorrez alor, hainbat lantaldetan; ondoren, herritar guztiek izango dute proposamen horien artean garrantzitsuenak direnak lehenesteko. Behin herritarren iritzia jasota, programa idatzi eta publiko egingo duela agindu du EH Bilduk. Hemen irakur dezakezue zabaldu duten prentsa oharra:Puntuz puntu egiten da oihala. Eta horrela, puntuz puntu, ehundu nahi du EH Bilduk etorkizunerako nahi dugun herri eredua: herritarren aniztasuna eta parte hartzea ardatz izango dituen oihal koloretsua.
Azken urteotan, EH Bilduren helburua gauzak egiteko modu berri bat martxan jartzea izan da. Herritarrei hitza emateko bideak emanez, eragileekin harreman jator eta horizontalak bilatuz. Horretan ari gara, guretzat garrantzitsua delako Udalaren ohiko kudeaketa gaitasunez aurrera eramateaz gain, hori guztia herritarren parte hartzearekin egitea. Izan ere, Zumaia berria egonkortzen ari gara, eta etorkizuneko herritar sare koloretsua osatuko duen haria gara. Herritar bakoitza, bere alorretik, bere kolorearekin, bere parte hartzearekin, beharrezkoa da etorkizuneko Zumaia ehuntzeko. Hortik “(h)ari gara” izatea datozen udal hauteskundeetarako erabiliko duguna lema.
Prozesuaren faseak
Horretarako, orain arte bezala, herritarrok talde lanean aritzea da EH Bilduren lan eredua. Alorrez alor herritarrez osatutako lantaldeak, herri eredu berdinerantz lanean. Gurea ez da politikari profesionaletan oinarritutako eredua, herritarrek talde lanean eramaten dute aurrera, egunez egun, EH Bilduren herri eredua. Eredu horri jarraituz idatzi nahi dugu datorren legealdirako EH Bilduren ardatza izango den herri programa.
Azken egunotan martxan jarri dugu Puntuz puntu herri programa osatzeko prozesua. Ingurumena, kultura, hirigintza, gizarte politikak, euskara, hezkuntza, berdintasuna, aniztasuna, parte hartzea… alor guztiak kontuan hartu eta alor horiekin lotuta etorkizunerako erronkak identifikatzeari ekin diogu, herritarrok osatutako lantaldeetan. Ondoren, erronka horiek herriko norbanako zein eragileekin konpartitu eta osatzea da asmoa, lehen fasea bukatzeko.
Behin fase hori amaituta, EH Bilduk herritar guztiei ireki nahi die herri programa osatzeko aukera. EH Bildurentzat parte hartzearen eta erabakitzearen kultura herritar guztiongan sustraitzea da epe luzeko helburu garrantzitsuenetako bat, eta horren bidean, iraganetik ikasi eta herritarrei hitza emateko forma berriak martxan jartzen saiatuko gara.
Otsailean, herritar guztiek hitza
Horretarako, alorrez alor herritarrek eta eragileek lantaldeetan proposatu dituzten ekintza edo programa konkretuak publiko egingo dira otsailaren hasieran. Horrela, zumaiar guztiek programako lehentasunak zein diren erabaki ahal izango dute, eta garrantziaren arabera egitasmo konkretuak lehenetsi. Horretarako, Internet zein herriko hainbat puntutan kokatutako buzoiak erabiliko dira.
Behin herritarren parte hartze publikoa bukatuta, erabakitakoarekin EH Bilduren Herri Programa definitiboa idatzi eta publiko egingo da.
Prozesu horretan, herritar guztiona da hitza. Kolore guztietako hariak dira beharrezkoak, puntuz puntu Zumaia koloretsua ehuntzeko. Guztiok gara ezinbesteko, guztiok dugu ekarpena egiteko. Hori dela eta, herritarrei dei egin nahi diegu parte hartzean oinarrituko den etorkizuneko herri eredua denon artean idazteko. Herritarrona da hitza, eta EH Bilduk herritarrei emango die hitza. Parte hartzean oinarritutako udal eredu berria ehuntzen ari gara, eta etorkizuneko herri koloretsua josiko duen haria gara.
Gehitu zure kolorea, eman zure hitza!