Pistako Gipuzkoa torneoko zazpigarren jardunaldia ona izan zen Aitor Olaziregirentzat. Ampo-Goierriko T.B. taldeko ziklistakzortzi onenen artean amaitu zituen hiru proba puntuagarriak eta ondorioz sailkapenean 12. postutik 9.era jauzia egitea lortu du. Bi jardunaldi falta dira torneoa amaitzeko. Hemen Arritxu Iribarren kronika:
Aurreneko lasterketa daniarra izan zen, eta bertan, nahiz eta esprinta ez izan bere berezko kualitaterik indartsuena, 6. sailkatzea lortu zuen, puntu garrantzitsuak eskuratuz sailkapen nagusirako. Ondoren, kanporaketan, 8. sailkatu zen eta puntuaketan ere 8. postua eskuratu zuen. Aurreko larunbatean puntuaketa gogorra izan zen, markaketa itzela egin baitzieten faboritoek elkarri; eraso ugari izan zen eta lasterketa azken zatian bakarrik hautsi zen; hala ere, Aitor Olaziregi Ampoko txirrindulari zumaiarrak lortu zuen lasterketako lehen taldetxoan sartu eta puntuatzea. Lehenengoz gainera, bi esprintetan ere borrokatu eta puntuak eskuratu zituen, lehenengo esprintean bigarren izan zen eta azkenekoan hirugarren izan zelarik.
Jardunaldiko puntu guztiak batuta, sailkapenean urrats handia egin du Olaziregik, 9. jarri baita bi jardunaldi faltan.
Gorka Etxabe (Parking Geltokia) aurrekoetan baino hobeto ibili zen eta puntuaketa lasterketa bukatzea ere lortu zuen besteetan ez bezala. Daniar lasterketan Aizarnazabalgoak 15. bukatu zuen, kanporaketan 17.a izan zen eta 13. bukatu zuen puntuaketa. Guztira sailkapen nagusian 19. da Etxabe. Nabarmentzekoa egutegitik kanpo, eta punturik jokoan jarri gabe Marymoor lasterketa jokatu eta hirugarren amaitu zuela.
Open mailan World Tourreko bi txirrindularik parte hartu zuten, Movistar taldeko Enrike Sanz nafarrak eta Cofidis taldeko Loic Chetout lapurtarrak, berriz ere lasterketen mailan goi-goikoa izan zelarik, erritmoagatik eta elkarren arteko lehiagatik ere.
Kadete mailan Gaizka Gurrutxagak txandarik indartsuenean segitzea lortu du. 22. da sailkapen nagusian; 7. jardunaldian 13. sailkatu zen daniar lasterketan, 12. scratchean eta 16. puntuaketan. Lehen urtekoa izanik, txalogarria da 25 onenen barruan segitzea. Eider Manzisidorrek nesken artean 10. tokia du, gogoratu neska kadeteek mutilekin batera lehiatzen dutela eta kasu honetan B multzokoekin ari da lehiatzen oikiarra. Daniarrean 15. izan zen, 16. scratchean, eta 19. puntuaketan.
Larunbat honetan azkenaurreko jardunaldia jokatuko da. Japoniar proba, scratcha eta puntuaketa izango dira txirrindulariek jokatuko dituzten lasterketak.