Inauteriei hasiera emateko kalejira antolatzen du Musika eta Dantza Eskolak urte batzutatik hona. Urtero gai bat aukeratzen dute, eta horren bueltan antzerkia, dantza eta musikarekin osatutako ikuskizuna prestatzen dute eskolako irakasle, ikasle eta gurasoekin. Aurten, otsailaren 13an izango da kalejira, 18:30ean Musika Eskolatik abiatuta, eta Afrika da aukeratu duten gaia.
Kalejiran edonork har dezake parte, ez da beharrezkoa Musika Eskolako kide izatea. Hori bai, aldez aurretik egingo diren entseguetan parte hartu behar da. Bi saio izango dira, otsailaren 11n eta 12an, Torreberrin (18:30ean). Horrez gain, kalejirarako jantziak prestatzeko tailerra ere antolatu du Musika Eskolak. Otsailaren 2an, 5ean, 9an eta 10ean izango da, 17:30etik 19:30era, Musika Eskolan. Gainera, kalejirako parte-hartzaileek askari goxoa izango dute kalejira hasi aurretik, 17:00etan, Musika Eskolan bertan.
Ubillos jauregitik Kofradiako plazaraino izango da kalejira. Kofradian txupinazoa botako dute inauteriei hasiera emateko. Txalaparta, dantzariak eta joaldunak egongo dira festa hasiera girotzeko. Ondoren, Erribera kaletik Beheko plazaraino joango dira kalejiran, eta Odieta frontoian egingo dute Musika Eskolak prestatutako ikuskizuna. Ikuskizunean, Musika eta Dantza Eskolako ikasleek, gurasoek eta irakasleak hartuko dute parte.
Antzerkian, antzerki taldeko ikasleekin batera, Inazio Tolosak, Esti Curielek eta Telmo Iruretak hartuko dute parte, eta Elena Irureta ere bertan izango da, bere lan agenda estuan tarte bat aurkituz gero. Dantzari dagokionez, eskolako ikasleekin batera, Amancay etorriko da Zestoako ikasleekin, eta Marie Courek eta Anek Afrikako doinuak dantzatuko dituzte. Amaieran, Tiktara taldeak kontzertua eskainiko du.
Pirritx eta Porrotx
Bestalde, otsailaren 16an Pirritx eta Porrotxen ikuskizunera joateko sarrerak salgai daude Alondegian. Dagoeneko agortu dira 17:30eko saiorako sarrerak, baina 15:00koa ikusteko oraindik badaude. Bulegoko ordutegian erosi behar dira, 9:30etik 14:00etara.