Aste honetan SAHARAren aldeko Euskal Karabana iritsi da Zumaiara Darahli elkartearen eskutik, Piztu itxaropena lemapean. Karabanaren helburu nagusia da herri sahararrarentzat ahalik eta elikagai gehienen bildu eta errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzea.
Zumaian aurreko astean egin zen bilketa eta emaitza oso ona izan da. DARAHLI elkarteak bildu zituen produktuen kopuruak hauek izan dira:
-190 kaxa elikagai (atuna, azukrea, pasta, lekaleak eta arroza), eta beste 10 poltsa handi konpresa. Gutxi gora behera, 2.800 kilo elikagai bildu dira eta otsailean irtengo den karabanan bidaliko dira.
Iaz baino gehiago jaso da eta, bizi dugun krisi egoera ikusita, Darahli elkarteak oso erantzun bikaina izan dela aipatzen du. Honekin batera, eta karabana aprobetxatuz, DARAHLI elkarteak beste proiektuetako materialak bidaliko ditu ere; besteak beste, behar handiak dituzten 21 familiei eguzki plaka bana bidaliko zaie ere.
DARAHLI elkarteak kanpaina honetan lagundu duten zumaiar guztiei eta bereziki herriko ikastetxeei esker beroenak luzatu nahi dizkie.