Saharar errefuxiatuak senidetzeko kanpaina jarri du martxan Darahli elkarteak

Baleike 2015eko otsailaren 6a

Zug-eko kanpalekuko eskola bat konpontzen lagunduko du Darahlik Aste Santuan. Argazkia: Gorka Zabaleta

Tindoufeko errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren sahararrei laguntzeko hainbat proiektu ditu Darahlik; tartean, premia handia duten 30 familiari laguntzea 100 euroko diru ekarpenarekin.

Eskolan eta herrian hiru urteko lanketa egin ondoren, aurtengo Aste Santuan kanpalekuetara bidaiatzeko aukera izango dute Darahliko 72 gaztek. Proiektu gehienak oso aurreratuta dauzkate dagoeneko. Eguzki plakak muntatu dituzte argindarra behar duten hainbat familiarentzat; Zug-eko eskola bat konpontzeko auzolandegi proiektua ere landu dute; eta sendagaiak eta eskolarako materiala ere ari dira biltzen; baina arazo gehiago ari dira izaten senidetze kanpainarekin.

Premia handia duten Zug-eko 30 familia zumaiarrekin senidetzeko konpromisoa hartu zuen Darahlik Zugeko agintariekin. Urtean familia bakoitzari 100 euroko ekarpena egitea da xedea, eta hilabete daukate helburua betetzeko. Lagundu nahi izanez gero, jarri harremanetan Darahlirekin (659758248 edo darahlizumaia@gmail.com). Kontu korronte bat ere zabaldu dute, norbaitek diru ekarpena egin nahi badu (La Caixa: 21004248662100147895).

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide