Inauteriak Maria eta Jose ikastetxean

Zumaiena Ikastetxea 2015eko otsailaren 9a

Otsailaren 11, 12 eta 13an Inauteriak ospatzeko hainbat ekintza izango dira ikasleentzat M&J Ikastetxean, kaldereroz mozorrotu eta konpartsa egiteaz gain, ekintzarik nagusiena,  Iñaki Osa Goikoetxea ikasle ohi eta  zestalari profesionalaren bisita-solasaldia izango da.

Ostegun eta ostiralean, Bertsozale elkartearen laguntzaz eginiko bertso saioa, konpartsa, guraso elkarteak antolaturiko txokolatada, eskulanak, denborapasa, pailazoen emanaldia, zinema, kalejira eta beste hainbat ekintzatan parte hartzeko aukera izango dute ikasleek, programa polit eta zabala izango dutelarik.

Prestaturiko programako ekintzarik azpimarragarriena, “Goikoetxearen” bisita izango da. Zumaiara itzuli dela aprobetxatuz, bere esperientzia ikasleekin partekatzeko aukera aberasgarria izango da hau, bere ibilbide profesionaleko hainbat pasadizo kontatuz eta ikasleei jakin-mina asetzeko aukera emanaz.

Ikastetxeko ikasle ugarik dute zesta-puntan aritzeko afizioa eta aukera polita izango da hauentzat mundu mailako txapeldun eta erreferente den Iñakiren bisita izatea. Kalitate honetako kirolari batek maila gorenera iristeko egin beharreko lanaren eta esfortzuaren adierazgarri izango dira bere hitzak, eta ikasleentzat adibide bikaina, norberaren aukera dena delakoa izanik, ametsak lortu ahal izateko gauzetan sinetsi  eta lantzea zein garrantzitsua den jakiteko.

M&J Ikastetxetik Iñaki Osari eskerrak eman nahi dizkiogu, momentu honetan, hainbat eta hainbat konpromiso izanda ere, gure gonbidapena berehala onartzeagatik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide