'Menua euskaraz' kanpaina: bezeroen txanda

Urola Kostako Udal Elkartea 2015eko otsailaren 20a

Urolako Kostako jatetxeei menuak euskaraz jartzeko laguntza eman ondoren, orain bezeroen txanda da. Euskaraz eskatzen dutenek zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute.

Urola Kostako Udal Elkartea eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako Udalak Euskara menuan izeneko kanpaina jarri dugu martxan, gure herriko taberna, kafetegi eta jatetxetako kartak eta menuak euskaraz jartzeko.

Udaberri eta udari begira, helburu hori ahalik eta establezimendu gehienetan lortu nahi dugu eta horretarako antolatu dugu, hain zuzen ere, kanpaina hau. Horrekin batera, bezeroek euskaraz eskatzea ere bultzatu nahi dugu eta, beraz, ostalarien ahalegina eta euskaraz eskatzen duten bezeroen jarrera bultzatuko dugu, sarien bidez.

Kanpainaren datuak

Hilabetez Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako jatetxeak bisitatu ditugu eta menua euskaraz jartzeko laguntza eman diegu: itzulpenak, zuzenketak, interneteko tresnen informazioa… Hona hemen bisita horien emaitza:

Guztira 190 jatetxerekin jarri gara harremanetan (bisita edo deiak). 140 jatetxe inguruk erabaki dute kanpainak parte hartzea (batzuk itxita daude, oporraldia, edo ez zaie interesatu). Guztira 60 eskaera jaso eta entregatu ditugu (itzulpenak, zuzenketak…).

Jasotako datuen arabera, honako ondorioak atera ditugu:

- bisitatutako jatetxeen %75 inguruk menua euskaraz ere badu
- menua aldatuz egunero idazten diren arbela eta testuetan nabarmen jaisten da euskararen erabilpena. Hori konpontzeko, interesa duten jatetxeei laguntza pertsonalizatua eskaintzen ari gara, horretarako interneten eskura dituzten tresnak erakusten.

Kanpainaren bigarren zatia: eskatu euskaraz

Jatetxeek egin dute beren ahalegina menua euskaraz jartzen. Orain, bezeroaren txanda da. Parte hartzea erabaki duten establezimenduetan euskaraz eskatzen duen bezeroari txartel bat emango zaio, zozketa batean parte hartzeko. Zozketa-txartelean, bere datuez gain, euskaraz eskatu duen platera edo menua idatzi beharko du bezeroak.

Txartelak horretarako jarritako kaxa batean jasoko dira eta epea amaitutakoan zozketa egingo da.Sarien zozketarekin amaituko da kanpaina, martxoaren 23an. Sari gisa, 60 euroko balioa duten 20 txartel zozketatuko dira, kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan bazkari edo afariak egiteko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide