Gaur egin den landaketaz gain, Udalak aldez aurretik beste mila ale inguru aldatu ditu aurten. Aitor Leiza ingurumen zinegotziak azaldu du zer espezietako arbolak diren gaur eguerdian landatu direnak: altza, urkia, erramua, gereziondoa, gorostia, haritza, artelatza, zumarra, sagarrondoa, elorri beltza, sahatsa... Denak ere, artadian edo erriberan aurki daitezkeen espezieak.
Leizak emandako azalpenen ondoren, aitzurra hartu eta jo eta su ibili dira lanean haur eta gazteak, helduen laguntzarekin. Basadizarreko bidexka ondoan landatu dituzte zuhaitz berriak, bi zatitan. Erdi parean 50 bat ale eta beste 100 bat ale Usurbiribilgo zulo aldera. Ordubetez lan egin ondoren, mokadu batekin amaitu da Zuhaitz Eguna. Zorionez, larunbateko giro petralik ez da izan eta busti gabe amaitu da saioa.