Lehen urratsa egin du Pulpok Basauriri irabazita

Baleike 2015eko martxoaren 21a

Euskadiko Txapelketako Lauko Finaleko lehen jardunaldian 34-24 irabazi diote Pulpoko jubenil mailako mutilek Basauriri. Gaur Zarautzen jokatuko dute, etxeko taldearen aurka.

Lubaki kiroldegia leporaino bete zen atzo arratsaldean Lauko Finaleko lehen jardunaldia ikusteko. Pulpok eta Basaurik jokatu zuten lehen partida, eta zumaiarrek ez zuten huts egin. Hasieratik aurreratu ziren markagailuan, 1-5. Ander Olaizola eta Kauldi Odriozola albokoen gainean izan zen Basauriko defentsa, baina zirrikituak ederki aprobetxatu zituzten Ander Torrikok erditik eta Mikel Martinezek hegaletik. Partida kontrolpean izan zuen une oro Pulpok, eta azkenean 34-24 irabazi zuten. Beste partidan Zarautzek 28-26 irabazi zion Indautxuko Loiolari.

Finaleko beste bi jardunaldiak Zarautzen jokatuko dira, gaur eta bihar. Gaur Zarautzek eta Pulpok jokatuko duten partida (Aritzbatalde, 16:00etan) erabakigarria izango da aurtengo txapelduna erabakitzeko. Bihar 11:00etan jokatuko dute azken partida Loiolaren aurka.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide