Medio Cudeyo herrian jokatu zen VI. Basoko ibilbidea 3Dn, Marques de Validecilla izeneko lursailean. Espainiako Federazioak ezarritako araudi berriarekin jokatu zen txapelketa. “Europan erabiltzen den araudiarekin parekatu nahi gaituzte lege berri honekin. Klub askori ez zaio neurria gustatu, zirkuituan diana gehiago jarri behar behar direlako”, dio Jose Luisek. Gaineratu duenez, lehen aldiz tiratu du araudi honekin.
Zirkuitua ederra zela azaldu du. “Zuhaitzak ezin ederragoak ziren: eukaliptoak, Japoneko zedroak... 24 dianez osatzen zen zirkuitua. Diana bakoitzari bi gezi bota behar genizkion, eta diana bikoitza bazen, bakoitzari bana, beti ere ezkerretik eskuinera. Diana bakoitzeko minutu eta erdi genituen. Arku tradizionala erabiltzen dugunontzat nahiko eta gehiegi zen, 30 segundorekin nahikoa izaten dugu eta; poleak eta bisoredun arkuak erabiltzen dutenekin alderatuta askoz azkarragoak gara”. Eskaileradun egurrezko postu batzuk jarri zituzten zirkuituan zehar, bertara igo eta beherantz botatzeko geziak. Dianek animalien formak zituzten: “krokodilo bat bere habitatean, koartza bat, basurdeak, adarzabalak, orkatzak, indioilarrak, etab”.
“Garbi utzi nahi dute tiro mota honekin ez dela animaliak hiltzen erakutsi nahi. Beste kirol mota bat besterik ez da eta Europa eta mundu mailan hainbat txapeldun eman dituena”, azaltzen du.
Eskuratutako puntuak kontatu ondoren, eta 3Dko diana batzuen zozketa egin eta gero, sari banaketa ekitaldia egin zen. Jose Luis podiotik gertu geratu zen. “352 puntu eskuratu nituen eta hirugarren postutik 24ra geratu nintzen. Arku tradizionalaren mailan 41 parte-hartzaile izan ziren”.