Pelikularen arrakasta nabari da bigarren urtez jarraian

Baleike 2015eko apirilaren 4a

Flyschak Zumaia mapan jarri zuela zioen batek. Baina zalantzarik ez da 8 apellidos vascos pelikulak iaz izandako arrakastak ere zer ikusia izan duela, eta handia, Zumaia jasotzen ari den bisitetan.

Aste Santua ona ari da izaten bisitari kopuruari dagokionez. Turismo bulegoaren atean ilarak sortzen dira eta Algorri interpretazio zentroan ere gora egin du bisitarien kopuruak. “Harritu gaituena da aste hasieratik izan ditugula bisitariak. Astelehenean, asteartean, eta ez Aste Santuan bakarrik”, dio Algorriko kide batek.

Ugariak dira flyscha eta Zumaia eta Deba arteko labarrak erakarrita Zumaiara inguratutako kanpotarrak. Baina, iazko fenomenoari jarraituta, bisitarien andanadak daude San Telmo baselizan eta alde zaharrean. “Ostegunekoa izugarria izan zen. Nire Facebookera igo nuen argazki bat esanaz bigarren urtez jarraian arrakasta itzela izaten ari dela”, zioen dendari batek. “Alabari bisita egitera etorri nintzen eta beherakoan turista talde batekin egin nuen topo: prozesioa zirudien harek, Kale Nagusian barrena. Eta Sanjuaniturri parean erretena: denak argazkia atera nahian. Ikusi beharko dugu ea gero zerbait uzten duten herriko denda eta tabernetan”, zioen bizilagun batek.

Iturri parean itsulapiko bat jarri beharko litzatekeela pentsatzen duena ere ez da falta: “Argazkia ateratzen duen bakoitzak zerbait utzi dezala”.

Sanjuaniturrian gertatzen dena San Telmo inguruan errepikatzen da. Baselizari eta labarrei argazkiak ateratzeko ilarak sortzen dira. “Bisitariak bertakoei hurreratu izan zaie galdetuaz ea beraiek ziren kobratzen zutenak; hain zela ingurua ederra, ordaintzeko prest zeundela”.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide