Pulpoko zazpi jokalarik Gipuzkoako selekzioarekin jokatu dute asteburuan

Baleike 2015eko apirilaren 7a

Pulporen kadete, jubenil eta senior mailako taldeek atsedena hartu dute Aste Santu honetan, ez horrela klubeko txikienek. Alebin mutilek Corrales de Buelnako txapelketa irabazi zuten eta nesken bi taldeak finalaren atarian geratu ziren. Infantil nesken bi talde, aldiz, Sorian izan ziren Villa de Agreda herrian jokatzen zen txapelketan parte hartzen.

Zumaiarrek ez zuten zorte handirik izan eta agerian geratu zen bere aurkari ia guztiak urtebete zaharragoak zirela. Hala ere, esperientzia oso positiboa izan da gaztetxoentzat eta datorren urtean berriro parte hartzeko interesarekin itzuli dira.

Espedizioan parte hartu duten bi taldeak igandera arte egon behar zuten Gaztelako herri honetan, baina sei neska larunbatean bueltatu ziren Gipuzkoako selekzioak hautatuak izan zirelako. Ez hori bakarrik: Gipuzkoak txapelketa irabazi zuen finalean Nafarroari 21-12 irabazi ondoren.

Pulpo izan zen selekzioari jokalari gehien utzi zion kluba eta garaipena erdiesteko orduan garrantzitsuak izan ziren. Gipuzkoako selekzioarekin jokatu zuten zumaiarrak Ainhoa Larrañaga, Naia Oliveri, Ane Oliveri, Jone Aguado, Leire Arrizabalaga eta Maria Amonarriz izan ziren.

Mutiletan Pulpo jokalari bat ere hautatua izan zen, Paul Yeregi. Hauek ezin izan zuten txapelketa irabazi finalean Bizkaiaren aurka 30-21 galdu ondoren.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide