Inpernupeko kalako zabortegia kentzeko lanak hasi dira

Baleike 2015eko apirilaren 15a

Orain hamarkada batzuk herrian sortzen ziren hondakinak Inpernupeko kalara eramaten ziren. Zaborrak erre egiten ziren bertan, baina hondakin batzuekin betelanak ere egin ziren. Zabortegi hori kendu eta Inpernupe txukuntzeko lanak abiatu ditu gaur bertan Espainiako Gobernuko Ingurumeneko Estatu Idazkaritzak.

2014ko hasieran izandako denboraleen ondorioz txikizio handiak izan ziren euskal kostaldean. Zumaiari dagokionez, lehen txanda hartan, Itzurun hondartzako pretila eta barra konpontzea adostu zuten Itsasertzaren Zuzendaritza Nagusiak eta Zumaiako Udalak. Denboraleak, baina, Inpernupen ere eragina izan zuen. Itsasoak lur dezente eraman zuen eta zabaldegi azpian dagoen materiala agerian geratu zen: Inpernupen garai batean zegoen zabortegira botatzen ziren plastikozko poltsak, beirazko botilak, plastikoak, etab. Zabor horren gainean betelanak egin ziren eta gaur arte ezagutu izan dugun zabaldegi txikia sortu zen. 

Aste honetan hasi diren lanen bitartez, hondakinak kalatik eramango dira eta ingurune guztia txukunduko da. Oraindik erabaki gabe dago horma txiki bat eraikiko den edo ez. 

Iaz izandako denboraleei aurre egiteko Espainiako Gobernuak sortutako diru-laguntzen bitartez egingo dira lan hauek. Aurrekontua 114.389,12 eurokoa da eta lanak burutzeko epea aste batekoa izango da; Hiru astekoa azkenean horma egiten bada. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide