Euskal Herriko kadete mailako txirrindulariak izango dira larunbatean Zumaian

Baleike 2015eko apirilaren 15a

Larunbatean kadete mailako txirrindulari lasterketa izango da Zumaian. San Telmo jaiak bete betean ditugula, Gaztetxoak Torneorako puntuagarria izango den lasterketa izango da.

Aurten Gipuzkoan jokatuko den torneo honetako lasterketa bakarra izango da hau. Lurralde bakoitzean bat jokatzen da eta Gipuzkoakoak  Zumaian izango du bere bihotza. Gaztetxoak torneoan Euskal Herri osoko kadete mailako txirrindulariek parte hartzen dute; Euskadiko txapelketaren pareko lasterketa da eta ondorioz parte-hartzaileen kopurua handia izango da. 150 ziklistatik gora izatea aurreikusten da.

Zumaiako lasterketak 57 kilometroko ibilbidea izango du: bi itzuli emango dira Zumaiako saihesbidetik eta ondoren hiru Zakila Bira egingo dituzte. Ikusgarria gertatuko da hainbeste kadete gurean elkartzea, elkarren arteko lehian.

Orain arte Gaztetxoak Torneoko lasterketa bakarra jokatu da eta bertan arabarrak nagusitu ziren: Oier Lazkano da liderra eta lehen urtekoen artean Iosu Etxeberria.

Etxeko txirrindulariei dagokienez Gaizka Gurrutxaga Aizarnazabalgoa izango da pelotoi horretan; Zumaian talderik ez dagoenez, Zarauzko koloreak defendatzen ari da aurten bere kadete mailako lehen urtean Gurrutxaga.  Aurreko igandean Atarrabian jokatutako Gaztetxoak torneoko lasterketan 88k bukatu zuten aproba, eta Gaizka Gurrutxaga 66. Sailkatu zen.

Larunbatean kadeteen lasterketa goizeko 10:45ean hasiko da eta 12:10 aldera bukatuko da. Txirrindulari festa handia espero du Zumaiako Txirrindulari Elkarteak herrian, jende asko etorriko baita Euskal Herri osotik lasterketa ikustera.

Aurten Zumaian maila handiko lasterketak izango dira: otsailaren 28an afizionatu mailako lasterketa jendetsua izan genuen, eta orain kadeteen Gaztetxoak torneokoa izango da; Maiatzaren 31an kadete eta junior mailako Gipuzkoako taldekako txapelketak jokatuko dira eta abuztuaren 9an junior mailako Euskadiko Txapelketa izango da Zumaian. Zumaiako Txirrindulari Elkarteak ahalegin handia egin du goi-goi mailako lasterketak antolatu ahal izateko etxean, baita lortu ere! Orain antolakuntza aldetik hutsik gabeko lasterketak izatea da helburua, ziklistek maila handia emango baitute eta zaleen erantzuna bikaina izatea espero da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide