Aitor Olaziregi prest dago Bidasoako itzulirako

Baleike 2015eko maiatzaren 4a

Aitor Olaziregi, Ampo-ko txirrindulari zumaiarra, prest dago asteazkenetik aurrera Bidasoako itzulian parte hartzeko. 23 urtez azpikoen Euskal Herriko itzuli garrantzitsuena da Bidasoakoa eta Estatu Espainiarreko garrantzitsuenetakoa.

Olaziregirentzat denboraldiko bigarren itzulia izango da Bidasoa, aurretik Lleidako itzulian izan baitzen; han Ampo taldeak elite mailako Mikel Elortza eta Peio Goikoetxearekin erakustaldia eman zuen, lau etapetatik hiru irabaziz eta bestean bigarren amaituz.  Olaziregik lana egin behar izan zuen orduko hartan baina emaitza apartarekin pozez gainezka itzuli zen etxera.  Oraingoan ere lanerako dago, taldean bai baitira sailkapen nagusiari begira bera baino aukera hobeak dituzten ziklistak.

Bidasoako itzulian parte hartzaileen maila handia da, eta horien arteko lehiakortasunak gogortuko du buelta bera. Aurten ibilbidea bera ere nabarmendu behar da, azken urteotako itzulirik gogorrena izango baita: lau etapa izango dira eta laurak menditsuak.

Aitor Olaziregik txukun ekin zion denboraldiari, baina, udaberriarekin batera, alergia arazoak azaldu eta gorabeherak izan ditu. Azken lasterketako Urrakiko igoera ez da bere onena izan, nahiz eta amaitzea lortu zuen; astebete lehenago bikain ibili zen Lazkaon eta Markinan. Gogotsu eta ilusioz beterik da, ondo prestatuta, hankek eta osasunak laguntzea eskatu du bere Bidasoako lehen itzulirako. Iaz Bidasoako itzulia irabazi zuen txirrindularia, Loic Chetout, aurten mailarik gorenean da Cofidis taldearekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide