'Haurtzaroaren poesia: esperimentazioaren aukerak' hizaldia Alondegian

Baleike 2015eko maiatzaren 7a

Maria eta Jose ikastetxeak antolatuta, 'Haurtzaroaren poesia: esperimentazioaren aukerak' izeneko hitzaldia izango da gaur, osteguna, 18:30ean, Alondegian. Alfredo Hoyuelos (Filosofia eta Hezkuntza zientzietan europar doktorea. Iruñeako Udal Haur Eskoletako Tailerretako koordinatzailea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea) izango da hizlaria eta saioa euskaraz izango da. 

Hitzaldia hala definitu du Hoyuelos berak:

“Gure gaur egungo haurrek bideratuko dute etorkizuneko gizartea”.

Haurrek mundua ezberdin ikusten dute, pentsatzeko euren modua dute, harremanak izateko beste era bat dute, hau da, beraien kultura dute. Harreman animiko edo poetikoa edukitzeko gaitasuna izatean, “Zuhaitzak entzun ditut hitz egiten” esan dezakete. Helduok, artista edo poeta izan ezean, zuhaitzek, akaso, hotsa atera dutela esango genuke. Duten kultura hori errespetatu beharra daukagu, euren kabuz, mundu berri bat eraiki dezaten.

Umeek, gauzak begi berriekin eta jakin-minez ikusteko duten gaitasuna mantentzeak berebiziko garrantzia du, beraien prozesua osatzeko orduan.

Guraso, irakasle, hezitzaileok.... Zer egin dezakegu gure haurrei heziketa egokia eskaintzeko dituzten gaitasunei trabarik ez jartzeko?

Hitzaldi honen helburua, guraso eta interesa duen orori tresna egokiak eman eta sortu daitezkeen galderei erantzutea izango da. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide