Frantsesa da Dacosta, baina Madrilen trebatu zen artista gisa 1980ko hamarkadan, Teresa Muñiz margolari abstraktua irakasle zuela. 1991 urtean Oxfordera (Erresuma Batua) joan zen eta han egin zuen lehen bakarkako erakusketa. 1998an Parisa aldatu zen eta 2002an Iparraldera, amaren sorterrira. Donibane Garazin dauka estudioa.
Hodei-zirimola bat; baserri huts baten etxe-aurrea, erortzear; goldatutako lurraren okre-kolorea; mendixka bateko bihurguneen uhinak. Munduan barrena dabilela, Josette Dacostak pintura erabiltzen du ikusitakoak sortzen dizkion sentipen eta sentimenduak gogoan hartu, barneratu eta adierazteko. Mendialdeari eta baserri inguruko arkitekturari darien indarra eta handitasuna adierazten ditu, kolore biziak erabiliz eta modu gordinean nahastuz.
Erakusketa maiatzaren 24ra arte egongo da Oxford aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetan ere zabalik izango da eguerdietan, 12:00etatik 14:00etara.