Zaratek sortzen dituzten arazoen inguruko hausnarketa egin dute ikasleek

Baleike 2015eko maiatzaren 20a

Zumaiako ikastetxeetan burutzen den Agenda 21 egitasmoaren baitan hainbat iritzi jaso ziren eta horien artean zaraten inguruko sentsibilizazio kanpaina martxan jartzea eskatu da. 

Zaraten inguruko sentsibilizazio kanpaina burutu da pasa den asteburuan Zumaian. Herritarrek gai honen inguruan dituzten iritziak emateko aukera izan zuten larunbatean eta igandean Eusebio Gurrutxaga plazan jarritako mahai batean. Ekintza Algorri interpretazio zentroko langileek gauzatu bazuten ere, herriko ikasleak izan dira haren bultzatzaileak.

Ikastetxeetan burutzen den Agenda 21 egitasmoaren baitan eguneroko bizitza hobetzeko hainbat proposamen debatitzen dira. Horien artean zaratek sortzen dituzten arazoak aztertu zituzten eta baita arazo horiei konponbidea emateko zenbait proposamen aurkeztu ere udal agintariei.

Hala, sei proposamen aurkeztu zituzten gaztetxoek: informazio hitzaldiak antolatzea zarata iturrien, soinuen maparen, osasun kalteen edota prebentzioaren inguruan; jolastoki inguruetan zuhaitzak landatzea zarata desberdinak saihesten laguntzeko, herribarruko trafikoa murrizteko planen bat aplikatzea eta kotxeen abiadura moteltzeko neurriak adostea, Oikiako etxeen parean autobidean sortzen den trafikoaren zarata isolatzeko panelak jartzea, Maria eta Jose ikastetxe inguruan ibilgailuen abiadura gutxitzeko neurriak jartzea, eta asteburu honetan burutu den sentsibilizazio proiektua martxan jartzea. 

Kutsadura-mota ohikoena

Kanpaina honen helburu nagusia zarataren eragin kaltegarriak agerian jarri eta horiek gutxitzeko jarrerak bultzatuz prebentzioa sustatzea izan da. Ikasleek abiarazitako debate honetan herritarrek dituzten iritziak jaso ziren. «Giza jarduerek eragindako zarata gure inguruko kutsadura-mota arruntena da, baina hain ohikoa zaigunez, ez diogu arretarik jartzen», azaltzen zuten.

kanpainaren antolatzaileek. Tabernetan edota hirigunean kokatutako enpresek sortzen dituzten burrunba edo soinuen inguruko kexak jaso dira, besteak beste, jarritako postontzian. «Bi egun hauetan ez da jende asko inguratu, baina etorri direnei beraien iritziak idatziz ematea eskatu zaie», azaldu zuten Algorriko kideek. Idatziak sinatuta edo anonimotasunean emateko aukera izan zen. «Sinatutakoei zuzenean idatziko die Udalak, konpromiso hori hartu zuen; besteei, noski, ezingo zaie zuzenean idatzi». Jasotako iritziekin prestatutako txostena epea laburrean aurkeztuko da Udalean. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide