Euskal mitologian aski ezagunak diren pertsonaiak agertzen dira ipuin hauetan (lamiak, erraldoiak, jentilak…), baina, kasu honetan, Urola Erdiko herrietan jasotako istorioak dira. “Testuak eskualde mailan jasotakoak dira. Azkoitian, Azpeitian, Errezilen, Zestoan ere… Galtzear den eskualdeko imaginarioa berreskuratu nahi izan dugu liburu honekin”, azaldu zuen Garmendiak. Bilketa lana egiteaz gain, Garmendiaren aldetik sormen lana ere badago liburu honetan. “Ipuin oso laburrak dira eta batzuetan biribildu egin behar izan ditut”. Argitalpen hau bi urteko lana dela esan zuten egileek eta idazterakoan Azkoitiko euskalkia erabili zutela.
Istorio hauek, euskal mitologia berreskuratzearen aldekoa agertu zen Garmendia, “nora goazen erabakitzeko, nondik gatozen jakitea beharrezkoa da-eta”. Berreskuratu, izan ere, bere esanetan, galtzekotan dira belaunaldiz belaunaldi ahoskeraren bidez pasa diren ipuin hauek. “Industrializazio eta komunikazio garaiekin etendura bat egon da eta hau guztia orain galtzekotan da. Gure lana hau berreskuratzea da”.
Bilketa lanaren ondoren ipuin asko jaso dituztela argitu zuen, baina liburuan hamar bakarrik sartu dituzte: “ahalegina egin dugu euskal mitologiaren aldeko bilketa lana egiten eta tokian tokikoak izaten”.
‘Mattin txiki eta Haitza aldeko jentillak’, ‘Bueltia emaiek jartzen zuen harria’ edota erromatarrak hona etorri zirenean euskaldunen eta erromatarren arteko batailak jasotzen zituzten kondairak jaso dituzte. “Kondairak dio erromatarrak etorri zirenean euskaldunekin borroka egin zutela Errezilen. Ondoren euskaldunak joan ziren Erromara eta han ere irabazi zuten. Horren ondoren lagunak egin omen ziren erromatarrak eta euskaldunak”.
Aita Barandiaranek egindako ikerketa lanean oinarritu dira ipuin hauetako batzuk idazteko, beste batzuk, berriz, adinduekin egindako elkarrizketetatik datoz. “Barandiaranek izugarrizko bilketa lan egin zuen, baina uste dut beste prozesu bat egon daitekeela horiek interpretatzeko”.
Pertsonaia hauek bere iturria euskal mitologian dute, baina Garmendiak gaineratu zuenez, urrunago ere badaude pareko pertsonaiak. “Galiziako lagun batek esan zidan beraiek han gure antzerako pertsonaiak dituztela eta izenak oso antzekoak zituztela. Aragoiko iparraldean, Pirinioetan ere badaude parekoak. Agian Galiziatik Aragoira bitarteko kultura bat zegoen antzinan? Ez dakit, baina pertsonaiak eta izenak hain antzekoak izateak pentsa araztera bultzatzen du”.
Urola Erdira mugatu dute bilketa lana. “Zumaian ez dugu ezer bildu. Hemen, Zumaian, beste kultura bat zegoen, itsasoari begiratzen zioena. Mitologia antzerakoa bada ere, badago desberdintasuna kostaldea eta barrualdearen artean. Adibidez, barruan lamiak oilasko hankak zituzten pertsonaia ederrak, ilehoriak eta urrezko orrazia daramatela deskribatzen dira; kostaldean, berriz, lamiak sirenak bezala ikusten dira”.
‘Urola aldeko kontu eta komerixek’ liburua Zumaian Erribera kaleko Mandala dendan erosi daiteke.