Zumaia Euskadiko txapeldun trainerilletan

Baleike 2015eko ekainaren 1a

Argazkia: Klausser

Mutrikun jokatutako Euskadiko Txapelketan 12 segundo atera zizkion bigarren egin zuen Oriori, 15 San Juani eta 20 Hibaikari.

Denboraldi bikaina ari dira osatzen arraun elkarteko emakumeak. Bateletan nagusi izan ondoren, trainerilletan ere Euskadiko Txapelketa irabazi dute, aurkariekiko alde nabarmenarekin gainera. Atzo itsasoa bare zegoen Mutrikuko estropada eremuan, eta zumaiarrek erakutsi zuten beste behin indartsuenak direla, 15:00.73ko denborarekin. Orio izan zen bigarren, 15:12.54ko denborarekin, San Juan hirugarren (15:15.74) eta Hibaika laugarren (15:20.03). Espainiako Txapelketa izango da hurrengo erronka.

Entzun Euskadi Irratiak Ainitze Illarramendi arraunlariari egindako elkarrizketa: 

Traineruetan, Zumaia Ak sekulako emaitza ona lortu zuen larunbatean Ondarroako Antiguako Ama estropadan. Denboraldi ofiziala hasteko aste gutxi batzuk falta dira, eta test ona izan zen zumaiarrentzat. Kaikuk irabazi zuen, 24 segundora geratu zen Zumaia A, 28ra Ondarroa, 30era Getaria eta 32ra Deusto. Ondarroa, Getaria eta Deustu KAE 1 Ligako aurkariak izango dira Zumaiarentzat. Ekainaren 20an eta 21ean jokatuko dituzte KAE 1 Ligako lehen bi estropadak, Zarautzen.

Estropada berean, Ondarroan, Zumaia B azkena izan zen.

Beteranoek Orion izan zuten estropada igandean, ABE Ligako bigarrena, eta laugarren egin zuten. Arkote izan zen azkarrena, Zierbenak egin zuen bigarren, Pontejosek hirugarren eta zumaiarrek laugarren.

Bateletan, Gipuzkoako Udaberri Sariko bigarren jardunaldia izan zuten harrobiko arraunlariek larunbatean Errenterian. Zumaia hirugarren izan zen kadete emakumezkoetan, eta mutiletan, infantilak bigarren sartu ziren, eta kadeteak seigarren.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide