Zientzia arte bihurtzen denekoa

Baleike 2015eko ekainaren 3a

'L'Art de la Geologia - Geologiaren artea' izeneko erakusketa bisitatu daiteke egunotan Alondegiko Oxford aretoan. Maria Oms Jané eta Josep Estela kataluniarrn erakusketa hau ekainaren 14ra arte egongo da ikusgai Oxforden, egunero 18:30etik 20:30era. Asteburuetan eguerdian ere zabalik izango da, 12:00etatik 14:00etara. 

'Ikuskera zientifiko bat, irakurketa artistiko bat' izengoitia du erakusketak. Bertan, Estelak ateratako argazkiak oinarritzat hartuta Oms Janék egindako margoak erakusten dira. "Argazkiak geologo batek atera ditu eta nik irudi horiek ikuspuntu artistiko batekin irudikatu ditut", zioen margolariak zabaltze ekitaldian. Margoekin batera, iturri izan diren argazkiak ere zintzilikatu dira Oxforden. "Naturaren beste ikuspuntu bat da hau. Paisaiaren errealitatea oinarritzat hartuta abstrakziora heldu naiz", gaineratu zuen.

Geologoak eta artistak 2007an ekin zioten kolaborazio honi. "Biok Edebé argitaletxean egiten genuen lan. Josep une txar bat ari zen pasatzen eta gonbidapena luzatu nion: egiten zituen mendi bueltetan argazkiak ateratzeko esan nion eta nik horien gainean nire interpretazio artistikoa egingo nuela. Lagunen arteko broma antzerako batetik sortu da hemen ikusi daitekeena". Lan hauek geologoen artean arrakasta handia izan dutela adierazi zuen.

Erakusketa hau 2007. urtean erakutsi zuten Vic (Katalunia) herrian. "Erakusketa honetan leku desberdinetako naturaren adibideak daude". Margolaria damu zen Zumaia inguruko geologiaren lanik ez egin izanagatik. "Erakusketa hona ekartzeko deia nahiko ezustekoa izan zen eta geologoak ezin izan zuen hona etorri. Baina etorkizunean egingo dugu, hemengo paisajea txundigarria da eta. Nik ez dakit ezer geologiari buruz, baina ingurune horrek ezin zaitu axolagabe utzi. Eguneko ordu desberdineten argi izpiak harrietan islatzen direnean... ederra da".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide