Dantzari Txiki Eguna izango da berriz ere Zumaian urtetako hutsunearen ondoren

Baleike 2015eko ekainaren 4a

Zumaiako dantzari txikia, Errenterian.

Ekainaren 7an, igandean, Dantzari Txiki Eguna izango da Zumaian. Txori Txiki Musika eta Dantza eskolako dantzariez gain, Errenteria, Hernani, Beasain eta Galdakaoko taldeez gozatzeko aukera izango da. Egun guztiko egitaraua antolatu du horretarako Txori Txikik, Zumaiako Udalaren laguntzaz.

Goizeko 10.30ean izango dute lehen hitzordua dantzariek Kantauri plazan eta bertan hamaiketakoa emango zaie guztiei. 200 bat dantzari elkartuko direla aurreikusten dute. 11:30ean abiatuko da desfilea honako ibilbidearekin: Kantauri plaza, Gernika parkea, Arrangoleta, Amaiako plaza eta Ondartxo, Ardantzabide eta Erribera kaletik igarota Beheko plazara iritsiko dira gaztetxoak.

Bidean zehar geldialdi laburrak egingo dituzte dantza egiteko. Beheko plazan,12:45ean, ekitaldia hasiko da eta herri guztietako taldeak dantzan ikusteko aukera izango da 14.00ak bitartean. Ondoren, dantzariek Txori Txikiko ikasleen etxetan egingo dituzte otorduak. Bidebatez, Musika eta Dantza Eskolatik eskerrak eman nahi dizkiete gurasoei erakutsi duten prestutasunagatik. Arratsaldean, 16:30etik aurrera, dantzaldia izango da Beheko Plazan bertan Modestorekin.

Irteerak

Urteak dira Zumaian Dantzari Txiki Egunik antolatzen ez zela. Zumaian herriko eta beste txokotako dantzariak dantza eta desfilatzen ikusteko aukera galdu zen. “Dantza eskolak erreferentzien beharra zuen; nahiz eta dantzaren inguruko ekimenak egiten ziren Zumaian, bertan jaio eta hiltzen zen bide hori”.

Iaz Txori Txikiko ikasleek Errenteriako Dantzari Txiki Egunean parte hartzeko aukera izan zuten beste 500 haurrekin batera. “Euren trebezia erakusteaz gain, lagun eta esperientzia berriak bizitu, dantza eta dantzariak ezagutu, folkloreaz gozatu eta egun pasa ederra pasatu zuten”.

Ikasturte honetan pauso berri bat eman nahi izan da eta Errenteriako irteerari Beasaingoa gehitu zaio. “Hernanira ere joatekoak ginen, baina San Telmo jaiak ospatzen ziren egun horretan eta ezinezkoa izan genuen bertaratzea. Errenteria eta Beasaingo festetan ederki pasatu zuten gure gaztetxoek, maiatzaren 1ean eta 10ean hurrenez hurren”.

Jaialdia

Ekainaren 11ean berriz, dantzako ikasleen ikasturte bukaerako jaialdia izango da Odieta frontoiaren atzealdean, 19:00etan. Eta ikasturteko azken ekitaldia, ohi bezala, San Juan bezperakoa, ekainaren 23an, Sanjuaniturrin izango da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide