Uda garaian ohikoak den eskaintza mantenduko da. Eskainiko diren ikastaroak igeriketa, tenisa, patinak, mendiko bizikleta, cycling eta zumba izango dira. Hala ere, aurreko urteekin alderatuta, berrikuntzak izango dira aurten. Hala, haurrei zuzenduta, Multikirol izeneko ikastaroa eskainiko da. Helburua, kirola eta jolasa uztartuz haur eta gaztetxoen garapen integrala sustatzea da. Bertan, jolas eta jokoen bidez kirol desberdinak egiteko aukera izango da eta joko tradizionalei garrantzia emango zaie.
Helduen kasuan, erabiltzaileen eskaerei erantzun nahian, ikastaro batzuk irailean egingo dira. Berrikuntzetako bat itsas trabesietarako igeriketa entrenamenduak izango dira. Hamabost eguneko iraupena izango du eta astelehen eta asteazkenetan izango dira saioak, eta trabesietarako entrenatzeaz gain, teknika hobetzeko aukera eskainiko da. Izen ematen dutenen artean erabakiko da ikastaroaren ordutegia.
Ohi bezala, uretako jarduerak ere izango dira, hala nola, arrauna, piragua, surf, bodyboard eta paddle-surf ikastaroak. Surfeko ikastaroetan izena eman nahi dutenek 638675558 telefonora deitu beharko dute. Beste guztien kasuan, Lubakin egingo dira izen-emateak.
Uda garaian piraguak alokatzeko aukera ere izango da. Horretarako nahikoa izango da Itsas kiroldegira hurreratzea eta bertan eskaera egitea.