Eskualderako hamar proposamen aukeratzeko batzar irekia egingo da bihar Zarautzen

Baleike 2015eko ekainaren 8a

Gipuzkoako Foru Aldundiak bi milioi euro gorde ditu Urola Kosta eskualdean burutuko diren proiektu batzuetarako. Bihar Zarautzen egingo den bilera batean erabiko da zer hamar proiektu lehenetsiko diren.

Guztira 89 proposamen jaso dira apirila eta maiatzean zehar, herrietan egin diren bilera irekietan, postontzietan nahiz Internetez. Proposamen horiek aztertu eta batzuk alde batera utzi dira, bi baldintza nagusiak betetzen ez zituztelako (gaia Foru Aldundiaren eskumenekoa izatea eta eskualde izaera edukitzea, hau da, herri bat baino gehiagotan garatzea). Beste batzuetan proposamenak elkartu egin dira, gai berari buruzkoak zirelako.

Kontuak kontu, 42 proposameneko zerrenda jarriko da mahai gainean hamar lehenesteko. Horretarako batzar irekia egingo da ekainaren 9an, 19:00etan, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza (Urdaneta bidea 6, Zarautz). Batzarrean parte har dezakete Aizarnazabal, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako herritarrek.

Ondoren, Foru Aldundiari hautatutako egitasmoen zerrenda bidaliko zaio, egitasmoen bideragarritasuna aztertzeko. Ondoren, irailean, berriz ere eskualdeko herritarrekin bilera irekia egingo da, burutuko diren proposamenak  behin betiko hautatzeko.

Proposamenen zerrenda

BERRIKUNTZA

Eskualdeko plan estrategikoa diseinatzea, eragile eta herritarrekin. 

Eskualdeko herri ezberdinen artean baliabideak partekatzeko aukerarik baden aztertzea.

Eskualderako proiektu berritzaileak sustatu.

Industrialdeak txukundu eta azpiegitura hobetu.

Fibra optikako lineak industriaguneetan eskuragarri jartzeko azterketa eta baliabideak.

Eskualdeko baliabideen mapa birtuala osatu 

LANDA GARAPENA

Pagoetako Parkeko oinezkoentzako sarbidea hobetzea eta bide berdeak jartzea.

Eskualdeko diagnosi agroekologikoa egin eta plan bat osatu. 

Baserri bideak konpondu.

Baserrietako hondakin arazoei konponbidea eman.

Mendi ibilbideak markatzea: eskualdeko bigarren GR-a egin.

Herrigune eta auzoetara Internet konexioaren (fibra optikoa) abiadura egokia izateko egokitzapenak egin.

TURISMOA 

Ostatuen arteko lankidetza sarea osatu.

Turismo pakete ezberdinak sortzea eskualderako.

Eskualdeko marka turistikoa indartu eta komunikazio digitalaren estrategia indartzea.

Itsaso-ondarea balioan jarri, proiektu estrategikoen bidez: Multiozar ontziolaren berreskurapenaren bidez.

BERDINTASUNA, PARTE HARTZEA, EUSKARA ETA GARAPENERAKO LANKIDETZA

Denbora bankua bultzatu.

Demokrazia Parte Hartzailea Sustatu eskualdean, parte hartu eta esperientziak partekatzeko espazioak sortuz.

Nepalerako laguntza.

Ostalaritza eta merkataritzako eragileekin batera turismoak euskararen sustapenean duen garrantziaren inguruan hausnartu eta hori indartzeko ekintza plan bateratu bat martxan jarri.

GIZARTE POLITIKA 

Behar bereziak dituzten pertsonentzat babestutako pisu bat sortzea.

Gazteen droga-mendekotasunaren inguruko ekimenak (programak, hitzaldiak, informazioa…) martxan jarri.

Etxetik ateratzeko laguntza sare boluntarioa osatzea.

Hirugarren adineko pertsonentzako elkargunea antolatzea, dinamizatzaileekin. 

INGURUMENA

Kontzientziazio kanpaina: lehengaiak berrerabili eta murrizteko.

Hondartzetako arearen kalitateari buruzko azterketa (Antilla eta Oribarzar) egoerari buruzko azterketa.

Eraikuntzan egurraren erabilera bultzatzeko plana. 

Ur-zikinen kudeaketarako sistema berriak sustatzea.

Enpresen hondakinen kudeaketari buruzko ikerketa bat egitea.

Hondakin organikoaren bilketa eta konpostajea bultzatzea.

Hondakinak jasotzeko transferentzia planta egitea.

Eskualderako energia plana sortu: eraginkortasuna, aurrezpena eta berriztagarriak.

KIROLA, KULTURA, GAZTERIA 

Sormena lantzeko gunea: eskualdeko  kultur sortzaileentzat baliabideak eskainiz.

Etorkinen errealitatea azaltzeko euskarazko ipuinak eta kontaldiak.

Kultur ekintzak sustatzeko plana zehazteko prozesu parte hartzaile baten bitartez. 

Gazteen arteko ekintzak sustatu.

Eskualdeko herrietako herri-kurrikuluma sortzeko baliabideak eskaini, Orioko kurrikuluma landu duen gazte taldearen lana oinarritzat hartuz.

Hirugarren adineko pertsonentzako kirol eskaintza eta ekipamendu egokituak sortu eta kirola egiteko parkeak egokitu.

Eskualdeko ondare historiko eta turistikoa konpondu, txukundu eta egokitzea.

MUGIKORTASUNA ETA BIDE AZPIEGITURA 

Bidegorri sarea osatu eskualdea lotzeko: bizikletaz mugikortasuna bermatu eta oinezkoentzat izan daitekeena.

Errepide sarearen konponketa

Garraio publikoa herrietako kultur, kirol eta aisialdirako jardueren arabera egokitu. 

Eskualdeko herrietan bizikleta zerbitzu sarea abian jartzea.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide