«Eskualde honek sekulako potentziala du, eta egitasmo honen bitartez lehen eta hirugarren sektoreak, ekoizleak eta ostalariak, lotu nahi ditugu» esanez aurkeztu zuen Jexux Mujika Iraurgi Berritzen erakundeko turismo zuzendariak, Urola Gustagarri egitasmoa. Iraurgi Berritzen-ek eta Urkomek antolatzen dituzten jardunaldi hauen aurkezpena pasa den astean egin zuten Foronda kultur etxean, Zumaian, bertakoa Slow Astearen barruan antolatu zen ekoizle eta ostalarien arteko topaketan.
Ekitaldiaren hasieran erakutsi zen bideo batean agertzen zen traineruarekin alderatu zuen topaketa hau bere moderatzaileak. «Ontzira hainbat ekintzaile eta erakunde igo dira eskualdeko turismoa eta gastronomia lotzeko». Bi jarduera hauek, gastronomia eta turismoa, ardatz dituen proiektua da Urola Gustagarri. 2014. urtean jarri zen abian Urola Erdian eta denbora honetan hiru edizio bete ditu eta beste bi jardunaldi ere antolatu dira.
Hilabete eta bi hilabete arteko iraupena duten jardunaldiak dira, udaberrian eta udazkenean antolatzen dira eta bakoitzean bi produktu izaten dira hizpide. «Bertako produktuekin prestatutako menuak eskaintzen dira jatetxeetan eta bisita gidartuak ere antolatzen dira: baserrietara, eskualdean dagoen sagardotegi batera, etab. Produktuaren sorreratik platerera heltzen den arteko prozesua jasotzen da».
Antolatzaileek ekimena kostara luzatzeko borondatea erakutsi dute. «Zumaiarekin lotura handia dugu, Urolaren bailaran gaude-eta. Udazkenean izango da laugarren edizioa eta gustukoa izango genuke Zumaiako jendea tartean sartzen».
Santa Klara baserria izan zen azken edizioan eta Beheko Plaza jatetxeak badu egitasmoan parte hartzeko asmoa. «Udaberrikoan izateko asmoa genuen, baina Aste Santuarekin kointziditu zuen eta ezin izan genuen; udazkenean hartuko dugu parte. Bertako produktuak eraniltzeko dinamikan sartuta gaude», zioen Andoni Txintxilla sukaldariak.
Elkar ezagutzeko topaketak
«Slow Asteak bertako produktuen erabilpena sustatzea du bere helburuen artean eta horren harira antolatu dugu lehen topaketa hau», iragarri zuen Jone Esnal turismo teknikariak. Zumaiako taberna eta jatetxeetako ordezkaritza txiki bat igo zen Forondara; ekoizleen artean, berriz, Getariakoak, Askizukoak, Aizarnazabalekoak, Zestoakoa eta Itziarkoak etorri ziren. «Elkar ezagutu eta ostalariek prestatzen dituzten jakietan bertako produktuak erabiltzera gonbidatu nahi izan ditugu».
Kontserbak, esnea, ogia, menbrilloa eta mermeladak, urdaiazpikoa, sagardoa... Bertako ekoizleek prestatutako produktuak erakutsi ziren hitzaldien ondoren. Ostalarien eguneroko eskaintzan sartzeko lehen pausoa izan daiteke.