Aurten bere hamaikagarren edizioa betetzen duen biltzarrak Espainiatik, Portugaldik eta Hego Ameriketatik etorritako 150 aditu bilduko ditu aste honetan eta bertan 91 lan aurkeztuko dira: 22 ahozkoak izango dira, 65 posterrak eta beste lau ikus-entzunezkoak. Aurkezpenean hizlari izan zen Angel Garcia-Cortek, Geologia eta Meatze Institutuko ordezkariak, orain bi urte egindako biltzarrean baino % 40 lan gehiago aurkeztuko dira. «Horrekin agerian geratzen da zientzia-komunitateak bizi duen une osasuntsua. Parte-hartze honek izango du eragina ezagueraren gehikuntzan».
Zabaltze ekitaldi honetan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi; Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduneko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatu Jon Peli Uriguen; SGEko presidente Marcos Aurell; eta Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako jarduneko alkateak izan ziren.
Hizlari denek izan zuten ahotan Euskal kostaldeko zati honen garrantzia geologikoa. Uriguenek Geoparkea eta Zumaia-Deba Biotopoaren garrantzia azpimarratu du: «Turismoa eta kultura zientziarekin uztartzen du; hor dago ardatza».
Biltzarrean zehar hainbat hitzaldi, ikastaro eta irteera izango dira. Aurell-en esanetan, ezagutza zientifikoaren eta jendarteratzearen artean zubiak eraikitzea izango dute lan, «elkar aberasteko eta ondare geologikoa publiko zabal bati hurreratzeko».