Jose Brilha: "Pertsonei eta komunitateari onura emateko gai da ondare geologikoa"

Baleike 2015eko ekainaren 11

Jose Brilha portugaldarra Universidade do Minhoko (Braga, Portugal) irakaslea da, ProGEO erakundeko (European Association for the Conservation of the Geological Heritage) presidentea eta geologian eta geoparkeen munduan aditua. Egunotan Zumaian da Espainiako Geologia Elkarteak antolatutako Ondare Geologikoaren Batzordearen XI. Biltzarrean parte hartzen.

Asteartean, zabaltze ekitaldiaren ondoren, mahai inguru batean hartu zuen parte Luis Alcala, Teruelgo Multzo Paleontologikoko zuzendari gerentearekin batera. “Geokontserbazioaren inguruan ditugun esperientzien inguruan aritu ginen hizketan. Nola egiten dugun lan eta gaien inguruko garapen zientifikoa nola egiten dugun adierazi genuen. Biltzarra hasteko hausnarketa saio bat izan zen”.

ProGeo erakundeko presidentea zara. Zer lan egiten du erakunde honek?

Ondare geologikoaren kontserbaziorako Europa mailako elkartea da. 1992. urtean sortu zen eta herrialde europar ia denetan ditu taldeak. Bere erronka nagusia ikerketa eta ondare geologikoaren dibulgazioa sustatzea da. Inbentarioekin, lekuen sailkatzeekin eta herrialde bakoitzaren legediaren egokitzapenarekin ere egiten du lan, beti ere ondare geologikoarekin lotuta.

Herrialdeen arteko legedien artean desberdintasun handiak al daude?

Hala da, baina arazo handiena da Europako herrialde askotan ondare geologikoa ez dagoela bertako legedietan sartuta. Naturaren babesaz hitz egiten bada, biodibertsitatearen jasotzen da; ondare geologikoaren babesa ez da jasotzen. Espainiak 2007an txertatu zuen bere legedian, Portugalek 2008an, baina badira herrialde batzuk, Erresuma Batua kasu, 1940ko hamarkadatik jasota duena bere legedian. Hala ere, munduko beste kontinenteekin alderatzen badugu, Europa da geokontserbazioa garatuena dagoen lekua.

Egoera estandarizatzeko asko falta da orduan.

Hori da. Asko falta da. Gehienbat erakunde publikoen oniritzia falta da. Ingurugiroko Ministerioek ondare geologikoa aintzat hartzea beharrezkoa da. Legediak aldatzea beharrezkoa da, baita geokontserbazioaren inguruko edukazioa eskoletan eta unibertsitateetan eskaintzea. Egiteko asko dago oraindik.

Geologiaren garrantzia ulertzen dela uste al duzu?

Jendearen gehiengoarentzat geologia arrokak dira, eta kito. Hori arazo bat da, geologiaren inguruko hutsune handi bat baitako gizartean. Ez da geologoaren lanbidea ulertzen eta geologiari ez zaio inongo garrantzirik ematen. Herrialdetako heziketa sistemaren arazoa da hori. Hori aldatzen denean ulertuko du gizarteak zergatik gorde behar diren lekuak. Heziketa eta dibulgazio lan handia egin behar da, baina jendea ulertzeko gai izango den dibulgazio bat. Geologoek askotan ulergaitza den hizkuntza bat hitz egiten dute, inork ulertzen ez dituen hitzekin. Dibulgaziorako materialarekin kontu handia izango behar. Orain bertan geoparke batean gaude [Euskal Kostaldeko Geoparkean] eta geoparkeen misioa lurralde horren geologiaren dibulgatzea da.

Gehienbat turismoari lotuta dauden erakundeak bezala ikusten ditugu Geoparkeak.

Geoparkeek funtsezko hiru erronka dituzte: leku geologikoen babesa, heziketa eta dibulgazioa, eta azken hori turismoarekin lotuta doa. Geoparke guztiek dituzten hiru erronka komunak dira. Turismoan bakarrik egingo bagenu lan, Geoparke hori ez litzateke lana ongi egiten arituko. Hiru arloetan batera egin behar da lan.

Ondarearen babesak leku horren garapen ekonomikoan ondoriorik izan al dezake?

Zalantzarik gabe. Hori ere bada geoparkeen misioa, bizilagunei erakustea betidanik ezagutzen duten leku horrek baduela balioa eta pertsonei ondare hori eta komunitateari onura emateko gai dela. Geoparke guztietan egin da lan hori. Baina emaitzak ez dira egun batetik bestera eskuratzen; urteak behar dira horretarako. Geoparkeak estruktura berriak dira; hamar edo hamabi urte besterik ez dituzte. Lan motela da, baina emaitzak ematen ari dena.

Turismo mota masifikatu bat jasotzeko arriskua ere hor dago. Nola lortu kontserbazioa eta turismoaren arteko oreka?

Gure estrategien artean garbi daukagu ez ditugula geoparkeak turismo mota horretarako gune bihurtu nahi. Ondo ezagutzen dugu turismo mota horrek zer nolako ondorioak sortzen dituen eta era batera edo bestera ekidin behar da. Ez da hain zaila, naturarekin lotutako gaiek ez dute-eta turista kopurua handiak erakartzen. Etorriko den turista kopurua ez da oso erraldoia izango, baina kontuz ibili behar gara esandako oreka hori lortzeko.

Zabaltze ekitaldian Marcos Aurellekin zioen ezagutza dibulgatzeko zailtasunak zeudela. Zer egin daiteke?

Komunikazio talde handietara heltzea beharrezkoa da, eta hor oso garrantzitsua telebista da, dibulgazio masiborako hedabide garrantzitsuena baita. Geoparkeen bitartez egunkarietara eta herrietako hedabideetara heltzen dira eta lan ona egiten dute horrekin, baina oso zaila da talde handietara heltzea. Komunikazio talde globaletara heltzeko profila duten karismaz betetako lagun bat edo bi beharko genituzke.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide