50 euroko txartel batekin erosketak egitera irten ahal izango duzu, tabernetara, jatera edota afaltzera eta 40 euro soilik kostatuko zaizu. Guztiok ezagutzen dugu jada nola egin: Turismo bulegoan salmentan jarriko dira 50 euroko erosketa txartelak, 40 euroko balioarekin. Txartel horiek elkartekide diren edozein saltokietan erabili daitezke.
Guztira 15.000 euroko balioa izango dituzten txartelak jarriko dira mugimenduan eta ekainaren 13tik 21era bitartean erabili ahal izango dira. Pertsona bakoitzeko txartel bakarra erosi ahalko da eta horretarako NANa aurkeztea beharrezkoa izango da. Erosketa txartelak agortu artean egongo dira salgai. Aurten, gainera, denda bakoitzeko 50 €-ko erosketa txartel bat bakarrik erabiltzeko aukera izango dute bezeroek, diru horri errotazio handiagoa emateko.
Promozio hau Merkataritza Astearen barnean dago (ekainaren 15etik 21era) eta egun nagusiak ekainaren 19an eta 20an izango dira, ostiralean eta larunbatean. Ostiral arratsaldean umeentzako jolas-parkeak eskainiko dira Zumaiako lau merkataritza guneetan, arratsaldeko 17:00etatik gaueko 21:00etara bitartean; Victoriano Arrate, Kantauri, Eusebio Gurrutxaga eta Amaiako plazan. Berritasun bezala, ekainaren 20an, larunbatean, Gau Zuria ospatuko da; ia 20 denda eta tabernak zapore ludikoa ezarriko diote erosketa egiteari. Dendak gaueko 22:00ak arte egongo dira irekita eta era guztietako parte-hartzea bultzatuko dute: tailerrak, dastaketak, goxoki tabernak, koktelak, denda bakoitzean musika... eskainiz. 00:00etatik aurrera txuriz jantzita doazenei txupito batera gonbidatuko zaie Gau Zurian parte hartzen duten tabernetan edatekoa eskatzen dutenean. Musika ere izango da: 22:30ean Howdy taldea arituko da Erribera kalean eta 00:00etan Amaiako plazan DJ Kahuma eta La Gamba Negra izango dira.
Aurten zozketak ere indartu dira: 250 €-ko lau erosketa txartel zozketatuko dira. Horretarako denda guztietan kutxa batzuk jarri dira. Zozketa uztailaren 25ean izango da. Hori gutxi balitz, erosketa esperientzia bat ere zozketatuko da, 200 eurotan baloraturiko erosketa izango da eta shopper pertsonal baten aholkularitzapean egingo da, beti bezala. Zozketa hau elkarteko facebook orriko jarraitzaileen artean egingo da.
Zumaiako Dendariek leialtasun eta berrikuntzaren aldeko apustua egin dute Merkataritza Aste honetan, eta bezeroak dira ekintza guztien ardatz.
Zumaian bizi, Zumaian erosi!